Inma Ruiz, munduko errekordun
Atleta gernika-lumotarrak bere adin taldeko orain arteko munduko marka hobetu du, 800 metrotako langan.
Inma Ruiz Teran gernika-lumotarra munduko atletarik bizkorrena da bere adin tartean eta 800 metroko distantzian. Iragan asteburuan, Donostiak Pista Estaliko Gipuzkoako eta Bizkaiko Txapelketa Absolutuak hartu zituen, eta zapatuan [urtarrilak 17] tokatu zitzaion lehiarako hitzordua. Absolutu mailak 18 urtez gorakoak hartzen dituela aintzat izanda, gernika-lumotarrak bere jomuga doitu egin behar izan zuen: “Atletarik gazteenak, distantzia horretan, esplosiboegiak dira ni moduko beteranoen aldamenean; horrenbestez, txanda bitan banatu gintuzten, eta nik hasiera-hasieratik argi izan nuen, lasterketa bera barik, errekorra zela neure helburu nagusia”.
Donostiako pista, azaldu duenaren arabera, ez da “egokiena” puntako abiaduradun erregistroak egiteko, peralte edo penditz handia baitu albo baterantz. Edozelan ere, Ruiz zailtasun hari aurre egiteko gai izan zen: “Nire burua, hankak eta motibazioa denak batera ibili ziren, eta munduko marka berria ezartzea horren ondorioa baino ez da”. Esan eta egin: 2.40,34an biribildu zituen lanak. Orain arte, Karen Brooks britainiarrak zeukan kategoria eta distantzia horretako erregistrorik azkarrena: 2.42,61ekoa.
Ruizen txandako bizkorrena Ane Arregi Machado izan zen, 800 metroak 2.31,18an egin zituena; podiumaren albo banatara lagun izan zituen Ainize Rey Moron (2.31.57) eta Erin Iruretagoiena Jimenez (2.34.42), hurrenez hurren. Ruizek sailkapeneko bosgarren postua lortu zuen, bera baino gazteagoak diren eta distantzia horretara ohituagoak dauden atleten kontra. Beste txandatik, “azkarrenenetik”, atera ziren Gipuzkoako eta Bizkaiko txapeldunak: txanda hartako azkarrena Ainara Mugartegi Solozabal (2.14,15) izan zen; bere ondoren helmugaratu ziren Katia de la Fuente Zurutuza (2.16,95) eta Izaskun Sanz Aranburu (2.18,84).
Helburua “ondo beteta” eta egindakoagatik “oso pozarren” dago gernika-lumotarra: “Eta espero dut beste marka batzuk gainditzen jarraitzeko aukera edukitzea”.