Euskal Ligan tokitxoa egiteko asmoz
Urdaibai Eskubaloi Taldeak Bizkaiko Ligaren fase finalak jokatu ditu iragan asteburuan. Hurrengoan, aldiz, Euskal Ligan aritzeko postuengatik borroka egingo dute eskualdeko eskubaloi jokalariek.
Argazkia: Urdaibai Eskubaloi Taldea. Urdaibai Eskubaloi Taldeak lehiaketa garrantzitsuz beteriko asteburua eduki du. Klubaren maila ezberdinetako taldeak Isla Kale eta Arene kiroldegien artean jokatzen ibili dira, baita Berangon ere. Hain zuzen ere, iragan asteburuan, kategoria guztietako lehiak aintzat izanda, 33 eskubaloi partidu jokatu dituzte eskualdeko kantxa bien artean; kirol alor horrek egun bizi duen “osasun onaren” zantzuak ematen dituela adierazi dute taldeko ordezkariek.
Gizonezko kadeteek Bermeo eduki zuten Bizkaiko Ligako fase finalen kokaleku. Gizonezkoen taldeak, Urdaibai Aritzatxu Occidentek, zapatuan Loiola Indautxu izan zuten arerio. Partidu “gogor eta lehiatua” izan zen, eta markagailua estu egon zen uneoro. Azkenean, hiru puntuko aldeagatik galdu zuten eskualdeko jokalariek, 35 eta 38koagaz. “Partidu azkarra baina oso polita izan zen, baina Loiola Indautxu azken txanpan hobea izan zen, eta hark garaipena eskuratzeko balio izan zion”, azaldu dute Urdaibai ET-tik. Hurrengo eguneko finala, hain zuzen, Loiola Indautxuk patrikaratu zuen, Ibaizabal Durango menpean hartu ondoren.
Emakumezko kadeteen taldeak, Urdaibai Renteriak, Ibaizabal Durangoren kontrako fase finalaren finalaurrekoa merezimendu osoz irabazi zuten zapatuan; 42 eta 26koagaz nagusitu ziren. Hori bai, hurrengo eguneko finalean, ezin izan zioten Muskiz Azul taldeari aurre egin: 24 eta 30 galdu zuten azken neurketa. Hori bai, finalera ailegatuta, asteon Euskal Ligarako igoera fasea jokatu ahalko dute: “Helburua otsailetik aurrera jokatu ahal izateko tokia lortzea da; ez da inondik inora erraza izango, baina helburu egingarria da”. Andoainen jokatuko dute igoera ligaxka, barikutik [urtarrilak 23] domekara [urtarrilak 25] bitartean. Leizaran, Bera Bera eta Muskiz izango dituzte aurkari.

Argazkia: Urdaibai Eskubaloi Taldea.
Gazte mailako gizonezkoen AUG Urdaibai taldeak Bermeon jokatu zuen bere ligako fase finala. Finalaurreko “ezin estuagoari” aurre egin behar izan zioten zapatuan: puntu bakarreko aldeagaz nagusitu ziren Escolapiosen aurka, 30 eta 29koagaz. Gogotik sufritu zuten, azaldu dutenez, “azken jokaldira arte”: “Escolapiosek baloiaren jabetza eduki zuen azken jokaldian, baina ez zuen asmatu, eta, estu-estu bazen ere, garaipena etxean geratu zen”. Hurrengo eguneko finalean, beste finalerdia irabazitako Barakaldoren kontra jokatzera egokitu zitzaien. Azken agertoki hartan, ez zuten bezperako zortea alde eduki: barakaldoztarrak 30 eta 38 gailendu ziren. Edozelan ere, Bizkaiko ligako txapeldunordeek ere Euskal Ligarako igoera faseko ligaxka jokatu ahalko dute, barikutik domekara artean, Bermeon; barikuan, 18:00retan ariko dira, Sallekoren kontra; zapatuan, 19:00retan, Usurbilen aurka; domekan, 13:30ean, Eibar edukiko dute aurrez aurre.
Urdaibai Lurunak Bizkaiko Ligaren fase finala irabazi du, finalean Bernago Urduliz Eskubaloia taldea menperatuta
Urdaibai Lurunak, emakumezkoen gazte taldeak, garaipen boteretsua eskuratu zuten zapatuko fase finalean, Loiola Indautxuren kontra 24 eta 41 nagusituta. Domekako finalean, gehiago sufritzea tokatu zitzaien, Berango Urduliz Eskubaloia taldearen aurka. Partidu estuaren ostean, 27 eta 32koagaz irabazi zuten Bizkaiko Liga eskualdekoek. Horrenbestez, horiek ere Euskal Ligan postutxoa lortzearren borroka egingo dute asteburuan: barikutik domekara, Eibarren jokatuko dute igoera ligaxka, Bera Beraren, Berango Urduliz Eskubaloiaren eta Eibarren kontra. Lehia bizkaitarrean garaipena eskuratu arren, igoera “helburu oso gaitza” dela aurreratu dute: “Argi dugu denboraldiko lehen helburua, igoeraren lehian aritzea, ederto bete dugula; orain, noraino ailegatu gaitezkeen ikusi gura dugu”.

Argazkia: Urdaibai Eskubaloi Taldea.