Foru Barriaren V. mendeurrena omendu dute
500. urtemuga gogoratzeko ekimenean Elixabete Etxanobek, Ana Otaduik eta Gregorio Monrealek parte hartu dute.
Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia. Batzarretxea memoriagune bihurtu dute gaurkoan [urtarrilak 16]: Bizkaiko Lurralde Historikoaren Foru Barriaren bost mendeko ibilbidea ospatzeko bildu dira ordezkari politikoak. Ekimenaren funts nagusia foru erakundeen historiari “dagokion balioa” ematea izan da, baita herritarrei aipatutako foruak daukan “esanahia hurbiltzekoa eta bere arrastoa erakustekoa” ere. Gaurko agerraldian parte hartu dute Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek, Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otaduik eta unibertsitateko irakasle zein legelari Gregorio Monrealek.
Ekitaldian argitu dute Foru Barriak Bizkaiko foru erregimenaren “funtsezko oinarriak finkatu” zituela, eta, hain zuzen, lurraldeko lege multzo “garrantzitsuena” dela azpimarratu dute. Hori horrela, Etxanobek hura “goraipatzeko” arrazoi nagusi bi plazaratu ditu: “Alde batetik, bostehun urte ez direla hasperen hutsala, denbora tarte luze nahiz aipagarria baino; bestetik, Foru Barria aparteko esangura daukan testu juridiko izan dela eta dela gaur egun, Bizkaiko foru erakundeen moldaketan, bizkaitarren arteko elkarbizitzaren arautzean edota tokiko identitate politikoaren eratzean erabat garrantzitsua”. Ez hori bakarrik: aldundia Unescoren Gizateriaren Ondarearen Erregistroan sartzeko kudeaketa “aztertzen” ari da.

Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.
Oroimen programazioa.
V. mendeurrena omentzeko, “askotariko programazioa” egingo dutela aurreratu dute: ekitaldi akademikoak, instituzionalak, kulkturalak edota hezkuntzari dagozkionak barnebilduko ditu. Helburua argi askoa izango da: Foru Barriaren esangura historikoa eta garaikidea herritarrei hurreratzea.
Datorren asterako, Iura Vasconiae Fundazioak 1512ko Bizkaiko Foru Barri edo Erreformatuaren onarpenaren 500. urteurrena izeneko ekimena antolatu du; Bilboko Batzar Nagusietako Hitzaldi Aretoan egingo dute. Datorren azaroan, berriz, Euskararen garrantzia Foruan jardunaldia egingo dute; hilabete horretan, halaber, Bizkaiko foru erakunde zibil eta publikoei buruzko jardunaldiak ere egingo dituztela iragarri dute.
Udazken horri begira, bestalde, kale ikuskizun antzeztu ibiltaria egingo dute, baita urte akabuko Gernika-Lumoko Osoko Bilkura Txikia ere, Ahaldun Nagusiaren eta Batzar Nagusietako lehendakariaren parte hartzea edukiko duena. Bestalde, EHUren udako ikastaroetan ere isla edukiko du gaur omendu duten langaiak: Foru Barriak Europako askatasunaren historian duen garrantziaren inguruan sakonduko dute, ekainean.