Eñaut Elorrieta: "Haize kontra doan lana da 'Ahots Kordak': soinu organikora itzultzeko apustua"
Eñaut Elorrietak eta Alos Quartetek ‘Ahots kordak’ proiektua aurkeztu dute, ahotsa eta soka-laukotea ardatz dituen proposamen berezia. Urtarriletik martxora bitartean eskainiko dituzten kontzertu gutxi eta zainduen bidez, soinu organikoaren aldeko apustua egin dute.
Eñaut Elorrieta eta Alos Quartet laukotea. Renata Laszczaka Neguko jasminen loraldi laburrak bezalakoak dira zenbait proiektu, eta horietako bat da Ahots kordak. Urtarrileko iluntasunean irekitzen dituzte jasminek lore txiki baina usaintsuak, eta martxoarekin batera desagertzen dira. Jasminak bezalakoa da, beraz, Eñaut Elorrietak eta Alos Quartet —Xabier Zeberio, Lorena Nuñez, Francisco Herrero eta Alejandro Saul— laukoteak osatutako proiektua: iragankorra, zaindua, eta edertasun xume baina sakonekoa. Eta, iragankorra den proiektua den legez, denboran muga dauka: kontzertu gutxi eta bereziak eskainiko dituzte urtarriletik martxora bitartean. Dagoeneko aurkeztu dute lana Tolosan eta Gasteizen, eta Zornotza (urtarrilak 23), Donibane Lohizune (otsailak 7), Bilboko Loraldia jaialdia (martxoak 11) eta Iruñea (martxoak 20) ere igaroko ditu koherentzia artistikoa eta estetikoa mantentzen dituen lanak. Izan ere, ahotsa eta sokak dira protagonistak, artifiziorik barik, arnasa eta egurra, haria eta kordak.
Non du abiapuntua Ahots kordak proiektuak?
Aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta sarritan kolaboratu dugu. Beti genbiltzan bueltaka elkarrekin zerbait egiteko, zuzeneko bat elkarrekin aurrera eramateko, baina oraintxe heldu da momentua. Bai Alos Quarteti, bai niri gustatzen zaigun formatu batetik abiatu gara: ahotsa eta soka-laukotea. Proiektu oso gutxi daude horrela eginda mundu mailan, erreferentzia oso gutxi daude. Ezagunena Elvis Costelloren Juliette Letters diskoa da; gero, Silvia Perez Cruzek ere izan zuen Entre cuerdas proiektua. Hortik harago, ia ez dago erreferentziarik, eta guk gogoa geneukan horrelako zerbait aurrera eramateko.
Ahotsa, biolinak, biola eta biolontxeloa dira lanaren oinarria.
Hori da. Ahots kordak deitzen da proiektua, eta izenburuak berak azaltzen du zer den: ahotsa eta sokak dira protagonistak, artifiziorik gabe eta modu erabat organikoan.

Eñaut Elorrieta eta Alos Quartet laukotea.Renata Laszczaka
Errepertorioa moldatu behar izan duzue. Zure ibilbideko kantuak dira nagusi, baina beste ikuspegi batekin. Nolakoa izan da aukeraketa-prozesua?
Hainbat partitura eta kantu izan ditugu esku artean, baina baita luxuzko moldaketatzaileak ere. Xabier Zeberiok, Alos Quarteteko biolinistak, Ken Zazpirentzat eta niretzat hainbat kantu moldatu ditu azken hamarkadetan, eta berak bazituen jada moldaketa batzuk eginda. Fernando Velazquezek ere bai. Juan Carlos Perezek Itoizen kantu baten moldaketa egin zigun, eta Carlos Monforrek —Silvia Perez Cruzen biolinistak— Hemen gaude kantua moldatu digu. Angel Unzu ere ibili da zenbait kantu moldatzen. Beraz, hainbatek lagundu digute moldaketak egiten, eta probatzen eta probatzen aritu gara, denbora luzez, gainera. Azkenean, formatu honetara ondoen egokitzen ziren kantuak aukeratu ditugu. Ez diogu horrenbeste begiratu kantuari berari, ez ditugu aukeratu gustukoenak zirelako ala ez; ahotsa eta sokak oinarri dituen egitura honetara ondoen moldatzen ziren piezak aukeratu ditugu. Saiatu gara errepertorio trinkoa egiten, formatuari garrantzia emanez, betiere, koherentzia artistiko eta estetikoa mantenduta.
Lanak nortasun berezia dauka.
Bai, oso karakteristikoa da. Denak dira sokak: kordak, ahotsaren kordak eta instrumentuen sokak elkarren artean dabiltza jokoan. Gainera, haize kontra doan proiektua ere bada, gaur egun joera handiagoa dagoelako elektronikarantz joateko, eta guk, kontrako apustua egin dugu: soinu organikora jo dugu, beste barik gure soketatik zuzenean entzuleen belarrietara iristea bilatu dugu. Hori da lanaren funtsa.
«Gure soketatik zuzenean entzuleen belarrietara iristea bilatu dugu; hori da lanaren funtsa»
Nolakoa izan da proiektuaren sorrera-prozesua, ideiatik oholtzara iritsi arte?
Urtebete baino gehiago daramagu lanean. Bai Alos Quartetek, bai nik beste proiektu batzuk genituen, eta hasieratik argi geneukan hau ondo egiteko denbora beharko genuela. Duela urtebete eta erdi inguru hasi ginen partiturak elkartrukatzen eta probak egiten. Apurka-apurka joan gara errepertorioa aukeratzen eta osatzen. Hasieratik nahi izan dugu kontzertu gutxi eta bereziak egin. Leku zehatz batzuk aukeratu ditugu, eta proiektuari hasiera eta amaiera jarri dizkiogu, denboran mugatua izatea nahi genuelako. Gauza zaindua izatea nahi genuen, baina baita pasatuko den zerbait ere, agertu eta desagertuko dena. Horrela ulertu dugu guk proiektu hau, horregatik diogu neguko jasminen modukoa dela, urtarrilean loratzen direlako eta martxoan zimeltzen direlako. Metafora horrekin, guk ere gure zuzenekoak urtarriletik martxora bitartean eskainiko ditugu.
Musikariez gain, lantalde zabala dago atzean.
Guretzat oso garrantzitsua izan da lantalde sendo bat osatzea. Lantalde onena bilatzen saiatu gara, eta uste dut lortu dugula. Adibidez, argi-diseinu berezia dauka proiektuak: Javi Ulla arduratzen da horretaz, dantza garaikidean eta euskal musikaren eszenan —Ken Zazpirekin, Ruper Ordorikarekin eta Gorka Urbizurekin ere aritu izan da— ibilbide luzea duen sortzailea; soinu teknikari lanetan, Igor Ercilla gernikarra dugu, eta berarekin batera, Jean Phocas historikoa. Phocas hamarkadetan Elkarreko soinu teknikaria izan da, eta euskal musika garaikidea ezin da ulertu bere ekarpenik gabe. Beraz, belaunaldi ezberdinetako musikarien eta teknikarien elkargune da proiektu hau, bakana eta mimo handiz prestatu duguna. Gauden guztiok ulertzen dugu zeren bila gabiltzan, sintonia bat dago, eta kimika moduko bat ere bai, kasu honetan artistikoa, baina pertsonala ere bihurtzen ari dena. Duela urte asko ezagutzen dugu elkar, eta proiektu hau lagunen artean aurrera eramandako bide bat ere bada. Prozesua bera oso aberasgarria izaten ari da. Kontzertu gutxitan gauzatuko da, baina bidean bizitzen ari garen esperientzia guztia oso ederra da.

Eñaut Elorrieta eta Alos Quartet laukotea.Renata Laszczaka
Proposamena bera ere nahikoa bakana da.
Bai. Ez bakarrik euskaraz horrelako proiektu bat inoiz egin ez delako, baizik eta mundu mailan ere oso erreferentzia gutxi daudelako. Nik lehenago Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Kaabestri soka boskotearekin Harian proiektua egin nuen, baina hau beste dimentsio batekoa da. Uste dugu proposamen artistiko modura, berezia eta indartsua dela. Hala ere, aurreko proiektu horietatik ikasi nuen horrelako proposamenak aurrera eramateko zein gako ukitu behar diren. Esperientzia hori baliatu dut proiektu hau aberasteko eta gauzak ahalik eta ondoen lurreratzeko. Uste dut gako garrantzitsuetan asmatzen gabiltzala, eta proiektua sendo eta ondo landua dela.
Kontzertu-aretoen aukeraketan ere arreta berezia jarri duzue.
Gure erronka izan da gure entsegu-lokalean sortzen genuen berotasuna, hurbiltasuna eta organikotasuna jendearengana eramatea. Horretarako, areto bereziak eta ez oso handiak aukeratu ditugu. Azkenean, soinu hori modu egokienean jendearengana iristeko egokienak ziren espazioak bilatu ditugu.
Eta publikoaren erantzuna zelakoa izan da?
Iragarri ditugun kontzertuek sekulako harrera izan dute. Sarrerak oso ondo saldu dira, eta hori da erantzunik onena.