Zergatik ez?
Gernika KESBek talde berria sortu du: beteranoen taldea. "Ilusioa eta konpromisoa" nabarmenduz, ondo pasatzeko helburuz animatu dira Gernika-Lumoko eta inguruko hamahiru emakume bakoitzaren iraganera jauzi egitera. Saskibaloia kirolaz harago doan erakusle da taldea, eta hortaz, harro daudela adierazi dute.
Gernika KESBeko beteranen taldea.Gernika KESB Gernika KESBek beste urrats esanguratsu bat eman du bere ibilbidean, oraingoan, kantxatik harago doan ekimen batekin: klubak beteranoen taldea sortu du, iraganeko jokalariak eta istorioak orainaldiarekin lotuz, eta aniztasunari beste ate bat zabalduz. Saskibaloia ardatz hartuta, belaunaldi ezberdinetako zenbait emakume berriro elkartu dira helburu zehatz baten alde egiteko: ondo pasatzea.
Saskibaloia kirol bat baino gehiago den seinale, talde sortu berriak poztasuna eta nostalgia piztu ditu herrian, baina Gernika KESBen nortasuna indartzeko eta komunitatearekin daukan harremana sendotzeko tresna ere izan da, aldi berean. Izan ere, hainbeste urtetan era batera edo bestera klubaren hazkundean parte hartu duten pertsonen esperientzia eta balioak agertoki berrira ekartzeko ariketaren aldeko apustua egin du klubak, oraingo eta etorkizuneko jokalarientzat erreferente izaten jarrai dezaten.
Saskibaloiaz gain, “memoria kolektiboa eta talde-sentimendua” dira proiektu honen benetako protagonistak, taldekideek adierazi duten bezala. Ze, taldea osatzen duten guztiek dute ezaugarri berbera: saskibaloia maite dute eta hori terapiatzat erabiltzen dute. “Bakoitzak gure lana, arazoak eta egunerokoa ditugu. Bada, egunerokotasunaren menpeko zurrunbilo horretatik ateratzeko bidea da guretzat saskibaloia, eta horri eutsiz dihardugu bidean”, azpimarratu dute.
Orain arte egindako bideaz “harro” agertu dira. “Gogoa eta ilusioa” dituzte, eta adierazi dutenez, hori da talde ororen arrakastarako sekretua: “Gogoa eta ilusioa dauden bitartean, beste dena bakarrik etorriko da, eta guk, baditugu”.
Denboratxo baten ostean, iazko udan igo ziren gernika-lumotarrak beste talde bizkaitar askoren olatura, eta beteranoen taldea osatu zuten: hamahiru emakumek osatzen dute taldea, Kipuren agindupean lan eginez. “Astelehenetan eta asteazkenetan entrenatzen dugu, 20:45etik 22:15era bitartean. Eguenetan, ordea, 45 minutu inguru entrenatzeko biltzen gara, aurretiaz bakoitzak bere beroketa egin ondoren”, gaineratu dute.
Ondo pasatzea eta euren arteko “harreman onaz” baliatzea helburu badute ere, lehiakortasunean bete-betean murgilduta dago taldea. Bizkaiko Beteranoen Ligan lehiatzen du astebururo; zortzi taldek osatzen dute liga, eta domeka goizetan izaten dituzte norgehiagokak.
Hunkitzeko tartea.
Emozioei askatasuna ematea garrantzitsua da, eta horregatik, seriotasuna oso presente duten arren, beste hainbat emozioz elikatzen da taldea. Momentu polit eta on asko izan dituzten arren, Malosten jokatutako lehenengo partida, adibidez, “oso hunkigarria” izan zela nabarmendu dute taldekideek: “Partidu gehienak etxetik kanpo jokatzetik gentozen, Emakumezkoen Endesa Ligako partidak zirela eta. Beraz, Malosten jokatzea tokatu zitzaigunean kristoren giroa sortu zen. Harmailak jendez gainezka zeuden; familiak, lagunak, ezagunak… guztiak zeuden han. Oso hunkigarria izan zen. Gainera, irabazi egin genuen. Taldeko guztiok negarrez bukatu genuen, emozioz eta poztasunez. Azken finean, horrelako momentuak dira talde hau sortzearen benetako arrazoia”.
Mugak alde batera utzi behar diren erakusle argia dira, eta mezu hori zabaldu nahi dute, gaztetxoenei erakutsiz, gehienbat: “Adina adina da, bai. Eta, argi dago 45 urtegaz ez ditugula 17 urtegaz egiten genituen gauza berberak egingo. Baina, gure gaitasunen barruan, saskibaloiaz gozatzen jarraitu dezakegu, 17 urtegaz egiten genuen bezala. Esku eta hanka bi ditugu, eta horren aurrean baloia borobila da guztiontzat“.
Horren baitan, orain arte klubaren eta herriaren aldetik oztoporik izan ez dutela zehaztu dute. Erantzun ona baino ez dute jaso. Horregatik guztiagatik, eta egunez egun duten “dinamika ona” ikusirik, uste dute beteranoen taldea geratzeko heldu dela Gernika-Lumora, eta gogoratu dute nahi duena izan daitekeela horren parte: “Ateak guztiz zabalik ditugu nahi duenarentzako. Malostera etorri, gurekin hitz egin, ezagutu, eta gu pozik egongo gara. Hori baita gure helburua, gero eta jende gehiago animatzea, eta hasi berri den dinamika hau gutxika handitzen joatea”.
Aniztasunaren erakusle.
Emakumezkoen kirolaren oldarraldi etengabearen baitan, Gernika KESBek, beste behin, aniztasunari keinu egin dio talde honen sorreragaz. Izan ere, azken urteetan kluba zerbaitetan erreferente izan bada, aniztasun horretako aurrerapausoetan izan da, eta horren isla dira Fenomenoak taldea eta beteranoen taldea, besteak beste. Hala, taldekideek nabarmendu dute, Gabonen baitan klubarentzat “berebiziko garrantzia” izan duen partidu solidarioa jokatu zutela, aipatutako talde horien arteko lagunartekoa. Hain zuzen ere, Gernika Palestina Deialdi Herritarragaz bat eginez, Maloste elkartasunez bete zuten. Palestinarekin elkartasun partidu horretako sarrerekin lortutako diruak jaso zuen Gernika Palestina Deialdi Herritarrak, Palestinako beharrei erantzutera bideratzeko.
“Kirolari benetako zentzua” ematen diete horrelako ekimenek, eta beste behin, argi esan dute “lerro horretan jarraitu” nahi duela klubak, etorkizun anitz baten alde borrokatuz, eta saskibaloi munduan guztiontzako lekua dagoela aldarrikatuz. Beraz, zergatik ez?