Gernika eta Lumoko mugen urteroko berrespen ibilbidea egingo dute
Gernikazarra Historia Taldeak Gernika eta Lumoko mugetatik ibilaldia egiteko irteera antolatu du datorren domekarako [urtarrilak 11].
Lurraldetako mugak aldakorrak izan dira mendeetan zehar, eta horien aldaketak eztabaidak edo liskarrak sortu izan ditu behin baino gehiagotan. Gernika eta Lumoren bat egiteak ere badauka bere kontua. 1882. urteko urtarrilaren 8an batu ziren egun Gernika-Lumoko udalerria osatzen duten bi herriak, eta Gernikazarra Historia Taldeak urteurrena gogoratzeko urteroko mendi ibilbidea antolatu du domekarako [urtarrilak 11], udalarekin elkarlanean.
Udaletxeko ordulariak 09:00etako kanpaiak jotzen dituenean aterako dira Foruen plazatik mendizaleak, baina atera aurretik batzeko ordua jarri dute historia taldekoek, 08:45ean. Gero, hiru ordu eta erdiz ibiliko dira mugaren alde batean eta bestean, batasunaren nondik norakoak ezagutuz. Bost kilometroko ibilbidea egingo dute parte hartzaileek, eta antolatzaileek oinetako egokiak eramateko gomendatu dute, bidea lokaztuta egongo baita.
Ibilaldian egingo dituzten geldialdiak baliatu gura dituzte iragana ezagutzeko. Izan ere, duela 144 urte berretsi zuten Madrilgo Gorteek Gernikako hiribildua eta Lumoko elizatea udalerri bakar batean batzea. Hala, 1882a aurretik Gernikako zein Lumoko kale nagusiak zeintzuk ziren jakiteko aukera izango dute parte hartzaileek, bakoitzaren historian sakonduz. Izan ere, udaletxeko plazatik Ocho de Enero kalera joango dira, batasunaren plazatik —egungo Pasealekua— Lumoko udaletxeraino igarotzeko, zehazki Santa Klara komentu ohiaren alboko Batzarretxearen atzeko aldera; hain zuzen ere, gune horretan plazaratuko dute antolatzaileek batasunari buruzko azalpen laburra.
Ondoren, ibilbideak Foruko San Kristobal ermitarantz hartuko du bidea, Elorrieta landaraino. Han, Lumoko, Foruko eta Errigoitiko mugak adierazten dituen munarria ikusiko dute. Eta, handik beherantz, Billarkaiobidetik, Muxikarekin mugan, Santa Luzia ermitaraino joango dira, Lumoko San Pedrora igotzeko. Bertan, hamaiketako batekin amaituko dute ibilbidea.