"Gernikako Euskal Jaitik Gazaraino doa elkartasun mezua: genozidioari stop"
Kantuzale, kantari, musikari, dantzari eta pila bat jende bildu ditu gaur (urriak 4) Gernika-Lumoko XVI. Euskal Jaiak. Euskal kulturaren erroak oinarri harturiko denetariko kultur eskaintzagaz, Urdaibai Kantaguneko kideek bota dute pregoia, eta Gazara bialdu dute elkartasun mezua.
Zer gara gu? Nor gara gu? Euskotarrak gara gu. Hala dio euskal abesti zahar eta herrikoiak, eta, zer garen eta nor garen hori oinarri izanda, munduan gertatzen dena salatu eta elkartasun mezua zabaldu dute gaur (urriak 4) Gernika-Lumoko Euskal jaitik. Mezu argia izan da lau haizetara bota dutena: “Genozidioari stop. Lau haizetara, lau haizetara, Gernikatik Gazaraino doa elkartasun mezua”.
Urdaibai Kantagunea izan da Euskal Jaiaren XVI. ekitaldiari hasiera emateko ardura izan duena, eta mezu argia zabaldu du Ana Mari OrdoƱez kantaguneko kideak. Euskaldun izaera, ohiturak eta nortasuna zabaltzen dituen jaitik Gaza gogoratu dute, palestinarrek sufritzen dutena geldiarazteko eskaera eginez.
Hala ere, taldeak 20 urte bete dituela gogoratu du OrdoƱezek, eta horietako 16 urtetan Euskal Jaiaren antolakuntza lanean ibili direla gogoratu du. Baina ez dira eurak bakarrik ibili, eta zeregin horretan urte luzez lan egin duten horientzako esker berbak izan ditu: “Gurekin batera egon dira txistulariak, kanariak, dantzariak, dultzaineroak, gaiteroak, erraldoiak eramateaz arduratzen direnak, gargantua kalera ateratzen dutenak, umeentzako jolasak prestatzen dituztenak… Plazer handia izan da guztiekin lan egitea”.
Hala ere, bereziki nabarmendu du Euskal Herriko txoko guztietatik bertaratzen diren kantuzaleen ahalegina. Antolakuntzan aritzen ez badira ere, euren kantuek eta jantziek gaurko egunez kolorez betetzen dituztela udalerriko kaleak adierazi du: “Bereziki eskertu gura ditugu urtero-urteroko Euskal Herritik gerturatzen diren kantuzaleen ahalegina, baita musikariena ere, kaleak kolorez eta alaitasunez apaintzen baitituzte”. Aurten, esaterako, IruƱatik, Biarritzetik, Baigorritik, Aretxabaletatik, Bermeotik, Donostitik, Elgetatik, IruƱatik, Bilbotik, Gasteiztik, Mungiatik, Arrasatetik eta Erandiotik gerturatu dira, besteren artean.
Hala, Euskal Jaian jai giroa izan da nagusi. Herritarrek euren euskak jantzirik ederrenak kaleratu dituzte, egutegian gorriz markaturiko eguna goi-goitik ospatzeko asmoz. Euskaragaz eta euskaltzaletasunagaz bat egin dute, musika, ohituraz betetako ekitaldiak, gastronomia eta folklorea ospakizun bakarrean uztartuz.

Goizetik izan dute non gozatu herritarrek. 09:00etan, Merkatu plazan azoka berezia egin dute, protagonista berezi bat izanda: sukalkia. 11:00etan, berriz, Urdaibai Kantaguneak harrera beroa egin die Pasealekuan Euskal Jaira bertaratutako gainontzeko kantaguneei, eta 12:00etan, Foruen plazan lehertu da festa.
Kantagune guztietako ordezkariak bildu dira bertan, txistu hotsak Zer gara gu jotzen zuen bitartean, eta pregoia bota eta txupina jaurti ostean, Agurra dantzatu eta kantuz, irrintziz eta aldarriz bete dute plaza. Ondoren jaiak Merkurio iturri ingurura jo du. Bertara joan dira txistulariak, kantaguneetako kideak zein dantzariak, eta gargantua inguruan zein taloaren txosna inguruan bildu dira herritar gehienak.Ā
Hala ere, euria iritsi da 13:30ak aldera, eta kaleetako izkina guztiak bete dituzte herritarrek, euritik babesteko asmoz. Hala ere, jaiak ez du etenik izan, eta Merkatu plaza joan dira, gune hori bihurtuz jaiaren epizentro.
Hala, eguna Merkatu plazan hasi baldin badute, toki berean elkartu dira kantaguneetako ordezkariak eta beste hamaikatxo herritar, herri bazkaritarako. Brindisaren ondoren, zelan ez, kanturik ez da falta izan mahaigainekoan. Bazkalostean, URE elkartekoek haurrei zuzendutako jolas eta herri kirol saioa egin dute.
Arratsaldean nahiz gaualdian, Euskal Jaiaren intentsitateak ez du behera egingo. Izan ere, 20:30ean, erromeriak hartuko die kantaguneko kideei zein musikariei lekukoa. Berriztu taldea igoko da oholtza gainera.