Hegaztien Munduko Egunean bilduko dira Urdaibai Bird Centerren
Domekan (urriak 5), Hegaztien Munduko Eguna ospatuko dute Urdaibai Bird Centerren, eta horretarako zentroko sarrera doakoa izango da, eta eraztunketa zientifikoak zertan datzan ezagutuko dute gerturatzen direnek.
Hezeguneen Munduko Eguna Urdaibai Bird Centerren.Urdaibai Bird Center Hegaztien migrazioa puri-purian dago, eta domekan (urriak 5) Urdaibai Bird Centerren ospatuko duten Hegaztien Munduko Eguna aukera paregabea da elkartzeko eta hegaztiak euren habitat naturalean behatzeko. Izan ere, egun horretan, hegaztien zentroko sarrera doakoa izango da 11:00etatik 17:00etara bitartean, eta eraztunketa zientifikoak zertan datzan ezagutuko dute 10:00etatik 12:00etara bitartean zentrora gerturatzen direnek.
Bertako behatokiko teleskopiotik eta kameretatik denetariko hegaztiak ikusi ahalko dira, izan ere, asko dira udan bertara gerturatu diren hegaztiak eta oraindik bertan segitzen dutenak. Gautegiz Arteagako padurak espezie askori eman die babesa azkenaldian: arrano arrantzaleak ikus daitezke, baita 21 flamingo, 20 beltzaran eta ehun mokozabal baino gehiagoko andanak ere.
Baina, urriko ekitaldi honen oinarrietako bat, hegaztiez aparte, klima aldaketa da, eta horri buruz hausnartzeko tartea ere hartuko dute. Izan ere, klima aldaketa “mehatxu larria” da hegaztientzat: arriskuan dauden espezien %66ti eragiten diela uste da. Hala, domekan, fenomeno horren eraginaz kontzientziatuko dituzte herritarrak, baita emisioak murrizteko eta ekosistema osasungarrien kontserbazioa bultzatzeko beharraz ere, “hegaztiak egokitu ahal izateko”.