Udako bikoterik sendoena direla berretsi dute Ibarrolak eta Gamindek Bermeon
Udako Master Laboral Kutxa Txapelketa irabazi zuten atzo (irailak 28) Aizane Ibarrolak eta Enara Gamindek Olatz Arrizabalagaren eta Arrate Bergararen aurka. 22-7ko markagailuagaz nagusitu ziren Bermeoko Artza pilotalekuan, euren legea ezarriz.
Udako Master Laborak Txapelketa irabazi zuten atzo (irailak 28) Aizane Ibarrolak eta Enara Gamindek Olatz Arrizabalagaren eta Arrate Bergararen aurka.Master Laboral Kutxa Bermeoko Artza pilotaleku historikoko harmailak goraino beteta zeudela, eta giro itzelarekin, sasoiko bikoterik indartsuena direla berretsi zuten Aizane Ibarrolak eta Enara Gamindek, Olatz Arrizabalagaren eta Arrate Bergararen aurka Udako Master Laboral Kutxa Txapelketako finala 22-7ko markagailuagaz irabazita.
Ideiak argi izanda kantxaratu ziren iruindarra eta Laukizkoa, eta euren legea ezarri zuten Artzan, sekulako erakustaldia emanda. Izan ere, taktikoki, Amaia Aldairen ordez —San Mateoko finalean eskuin eskuan min hartu zuen—aritu zen Arrizabalaga gernika-lumotarraren gainetik pasatu zuten pilota, jokoa atzean kargatzeko intentzio garbia hasieratik erakutsiz; gainera, euren sasoiak ideia hori kantxan gauzatzeko ahalmena eman zien.
Atzelarientzat pilotaleku gogorra da Bermeokoa, eta hasieratik ibili zen deseroso Bergara. Gamindek, aldiz, ederto bilatu zuen ezkerra, eta Ibarrolak saketik ere min egin zion; denetara sei tanto egin zituen nafarrak lehen pilotakadarekin. Hori horrela, 6-0koa eta 10-1ekoa ezarri zuten urdinek markagailuan, partida oso azkar apurtuz.
Arrizabalaga saiatu zen jokoan sartzen, eta hori aurreko koadroetara eroaten, baina ezer gutxi egin ahal izan zuen aurkarien indarraren aurka. Arrizabalaga ahalegindu zen horietan ere, defentsan lan bikaina egin zuten Ibarrolak eta Gamindek, “eraginkor” arituz. Aldai botilero lanetan aritu zen, bere lagunei lagunduz, baina ezer gutxi egin ahal izan zuen berak ere.
Eta, Gamindek, partida oso ona jokatu zuen, atzean Bergarari bizkarra erakusteaz harago, ia hutsegiterik egin barik lehiatuz. Indarra eta sasoia bai, baina ofizioa ere erakutsi zuten, lan handia eginez.