Osasun zentroa eta Iñigo Lopez de Haro kalea batzen dituen arrapala mekanikoa inauguratu dute
Pedro Elejalde eta Iñigo Lopez de Haro kaleen arteko zatia da inauguratu eta zabaldu dutena. Iñigo Lopez de Haro eta Carlos Gangoiti batzen dituen arrapala mekanikoaren zatia, aldiz, aurrera doa, eta urtea amaitu aurretik zabaltzea aurreikusi dute.
Gernika-Lumoko San Juan kaleko arrapala mekanikoaren lehen zatia inauguratu du gaur (irailak 29) eguerdian, Gernika-Lumoko Udalak. Hain zuzen ere, Pedro Elejalde eta Iñigo Lopez de Haro kaleen arteko zatia da inauguratu eta zabaldu dutena; 808.000 euroko aurrekontuarekin inauguratu dute. Iñigo Lopez de Haro eta Carlos Gangoiti batzen dituen arrapala mekanikoaren zatia, aldiz, aurrera doa, eta urtea amaitu aurretik zabaltzea aurreikusi dute udal arduradunek.
San Juan kalearen zati hori da, hain zuzen ere, erdigunean “aldapa handiena” duen horietako bat da, %10,6ko malda baitu; hala, herriguneko malda zorrotzenetako hori arintzeko eta osasun etxerako joan-etorria errazteko gauzatu dute obra. Hala ere, gaur gaurkoz zabaldu duten egitura mekanikoak 48 metroko luzera eta sei metroko desnibela gainditzeko balio du, eta, hurrengo faseko lanak amaitzen direnean, aldapa osoa gainditu ahalko da arrapala mekanikoan.

“Egun garrantzitsua da gaurkoa guretzat, gernikarrentzat. Osasun zentrora doan aldapa igotzeko arrapala mekaniko jarrai dugu martxan. Hala, gaurtik aurrera, errazagoa eta erosoagoa izango da medikuarengana joatea, edota Andra Mari elizara gerturatzea”, esan du Jose Mari Gorroño alkateak.
Gehitu du helduentzako zein gazteentzako arrapala dela, baita mugikortasun arazoren bat dutenentzat ere, izan ere, arrapalarekin herriko mugikortasun arazo “garrantzitsu bat” konpondu dutela uste du Gorroñok: “Baina ez gara irisgarritasunaz bakarrik ari. Udalak herri atseginago eta modernoago batekin duen konpromisoa islatzen du arrapalak. Gernika erosoagoa egiten ari gara, atseginagoa, hobea dena, gozatzeko Gernika. Gernika aurrera doa, ondo doa. Bigarren zatia amaitzen denean, kale elegantea izango dugu, funtzionala eta erosoa”.