Gernika-Lumoko Udalak muturreko beroari aurre egiteko babesguneak diseinatzera gonbidatu ditu herritarrak
Bero boladei eta klima aldaketaren beste ondorio batzuei aurre egiteko babesguneak sortzeko prozesu parte hartzailea zabaldu du udalak biharko; 18:00etan, kultur etxeko lehen solairuko gelan jarri dute hitzordua.
Gernika-Lumoko Udalak informazio bilera bat deitu du Babesleku Klimatikoen Sareari forma emateko. Izan ere, klima aldaketa errealitatea da, eguneroko esperientzia, eta horren aurrean, udalak “ezinbestekotzat” jo du klima aldaketak osasun publikoan eta hiri ongizatean eragiten dituen ondorioak arintzeko egokitzapen neurriak abian jartzea. Hala, beroari aurre egiteko leku seguruak bilatzeko eta babesguneak diseinatzeko saio parte hartzailera gonbidatu dituzte herritarrak; biharko (irailak 30) jarri dute hitzordua, 18:00etan, kultur etxeko lehen solairuko gelan.
Izan ere, uste dute termometroak gora egiten dutenerako babesa eskaintzeko gai diren espazioak —barrukoak zein kanpokoak— identifikatu eta aktibatu behar direla. Hala, udalak dagoeneko egin du lehen inbentarioa, baina azpimarratu du horiek osatu behar direla: “Proiektua ez da benetan osoa izango herritarren parte hartzerik barik”. Ze, beroari aurre egiteko lekuak ez dira udal eraikinetara bakarrik mugatzen: eliza, museo, parke eta berdeguneetara ere zabaldu behar dela ekimena diote.
Biharko saio irekian ekimenaren xehetasunak aurkeztuko dituzte, eta parte hartze prozesu bati atea zabalduko diote, hurrengo topaketetan herritarrek espazio berriak proposatu ahal izateko eta horien irisgarritasun eta erabilgarritasun irizpideak doitu ahal izateko.
Diotenez, helburua argia da: modu kolektiboan sare “sendo eta hurbil” bat eraikitzea, udako egun zailenetan lasaitasuna eskaintzeko gai izango dena.
Jon Lejarraga Ingurumen zinegotziaren arabera, estrategiak gune horiek sortzeko ahalegina egitea du helburu, izan ere, bere berbetan, babesleku klimatiko bat ez da bakarrik “leku fisiko” bat, elkar zaintzeko “berme bat” ere bada.