Etxeko lanak eginda, denboraldiari heltzeko prest
Lointek Gernika Bizkaiak 2025/2026 denboraldia aurkeztu du gaur [irailak 29] Malosten. Asteburuan Euskal Kopan garaipen handia lortu dute, eta zapatuan [urriak 4] Emakumezkoen Endesa Liga abiatuko dute, Malosten; Movistar Estudiantes edukiko dute aurrez aurre, 18:30etik aurrera.
Partiduz eta esfortzuz beteriko astearen ondoren, Lointek Gernika Bizkaia Emakumezkoen Endesa Ligari heltzeko prest dago. Gaur [irailak 29], 2025/2026 denboraldiaren aurkezpena agerraldi ofiziala egin du lantalde teknikoak, jokalariek eta babesle nagusien ordekaritzak, Malosten. Aurtengo taldea aurkeztu dute, baita helburuak argitu eta aurreikuspenak plazaratu ere. Bertan egon dira Gernika KESBeko lehendakari Gerardo Candina, Lointekeko kudeatzaile Javier Loroño Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Leixuri Arrizabalaga, Gernika-Lumoko Udaleko kirol zinegotzi eta Urdaibaiko Kirol Patronatuko lehendakari Gorka Otaolea.
Helburu handiko denboraldia izango da Malosteko saskibaloi taldearentzat. Izan ere, Eurocup Womenen multzokako ligaxka faserako sailkapena lortu berri dute, eta liga erregularra, ostera, zapatu honetan [urriak 4] ipiniko dute abian, Movistar Estudiantes taldearen aurka, 18:30ean hasita, etxean. Lantaldeari dagokionez, iazko hiru kidek bakarrik jarraitzen dute aurten oso eraberrituta ageri den taldean: Ane Olaeta eta egun min hartuta dagoen Naia Zubiaga gernika-lumotarrek eta Laura Westerik nederlandarrak. Gainontzeko jokalari guztien estreinako urtea da klubean, eta honakoak dira: Joy Adams, Angela Salvadores, Esther Castedo, Emily Bessoir, Masa Jankovic, Esther Matarraz eta Sarah Polleros. Hala, beraien lehen erronka, honezkero martxa betean dutena, makineria olioztatzea izan beharko da.
Gerardo Candina: “Bizkaiko beteranoen ligan parte hartuko duen emakumezkoen taldea egin dugu; klub honen ibilbidea esangura handia eduki duten jokalari ohiak daude bertan”
Lantalde teknikoa Lucas Fernandez lehen entrenatzailea, Franky Garcia entrenatzaile laguntzaileak, Javier Oleaga prestatzaile fisikoa, Markel Mendibe fisioterapeutak eta Maialen Markuerkiaga delegatuak osatuko dute. Gaurkoan, hain zuzen, Candina Lointek Gernika Bizkaiaren “engranajea” osatzen duten katebegiez oroitu da: babesle, laguntzaile eta zaleez. Baita klubaren barruko denetariko taldeez ere: “Formakuntza eta harrobi taldeak mimo handiz jagoten saiatzen gara; zer esanik ez Fenomenoak taldeari buruz, klubaren altxorretako bat da”. Hori bai, presidenteak berritasun bat ere iragarri du: “Bizkaiko beteranoen ligan parte hartuko duen emakumezkoen taldea egin dugu; klub honen ibilbidea esangura handia eduki duten jokalari ohiak daude bertan”.

Fernandez entrenatzaileak azpimarratu du Gernika-Lumo moduko udalerri txiki batek goi mailako saskibaloi talde bat edukitzeak “egundoko esangura” duela: “Hori herritarren konpromisoari esker lortzen da, besteak beste. Ilusioz eta gogotsu helduko diogu denboraldiari, mailarik handiena kantxaratzeko asmoz, baina horretarako beharrezkoa izango da Lointek Gernika Bizkaiaren familia handia osatzen duten kide guztien bultzada sentitzea”. Bultzada horren motibazioa zein den, ostera, argi utzi du Loroñok: anbizioa. “Taldeari eskatzen diogun bakarra da anbizio goserik sekula ez galtzea; izan saskiratzeak egiteko, prestakuntzarako, bidaietarako, partiduak irabazteko edota momentu zailetan sufritzen jakiteko, uneoro anbizio handiz joka dezatela gura dugu”.
Leixuri Arrizabalaga: “Lointek Gernika Bizkaia, talde bat ez ezik, ikur bihurtu duzue; erakutsi duzue emakumezkoak kirolean ere erreferente izan daitezkeela, eta bidean diren belaunaldien iparrorratza zarete”
Arrizabalagak adierazi du taldearen lorpenik handiena ez direla “garaipenak edota garaikurrak”: “Urtez urte emakumezkoen kirolaren mesedetan egindako behar itzela da. Lorpen bakoitzaren atzean eroan dituzue harmailetako jarraitzaileak eta saskibaloiaren zaleak, eta onena da oraindik asko dagoela lortzeko. Lointek Gernika Bizkaia, talde bat ez ezik, ikur bihurtu duzue; erakutsi duzue emakumezkoak kirolean ere erreferente izan daitezkeela, eta bidean diren belaunaldien iparrorratza zarete”.
Sentsazioak, lagun.
Denboraldiaurrean ezarritako jomuga nagusiak beteta helduko dio Gernikak liga txapelketari: alde batetik, Eurocup Womeneko ligaxkan egotea; bestetik, prestakuntza lehietan ahalik eta mailarik handiena erakustea. Prestakuntza horren oinarrietako bat asteburuan Durangoko Landako kiroldegian jokatu duten Euskal Kopa izan da. Barikuan zein domekan kantxaratu ziren gernika-lumotarrak, denboraldia hasi orduko azken esamina serioan. IDKren eta Araskiren aurka garaipen bana lortu dute, kopa altxatzeko balio izan diena.

Lointek Gernika Bizkaia, Durangoko Landakon, Euskal Koparen garaile.Gernika KESB
Araskiren aurkako azken partiduan, kideek gogotik behar egin behar zuten: Gasteiztarrek estu hartu zuten Lointek, lehen laurdenetan 18 eta 19eko nahiz 27 eta 21eko markagailuekin aurrea hartuta. Jankovicek eta Olaetak ederto gidatu zituzten taldekideak atsedenalditik bueltatzean, eta gernika-lumotarrek bikain irauli zuten neurketa. Hirugarren laurdenaren txirrinak 42na berdinduta zihoazela jo zuten, baina azken txanpan urrats bat aurrera egin zuten Malostekoek, eta 50 eta 58 gailendu ziren. Beraz, Euskal Kopa bizkaitar lurretan geratu da, bigarren urtez jarraian.
Lucas Fernandez: “Cameron Williamsen nahiz Taylor Jonesen hutsuneak beteko dituzten barnealdeko jokalariren bat behar dugu”
Fernandezek garaipen “polita” izan zela argitu du: “Gure pareko talde sendo biren aurka jokatzea beti da erreferentziazko hitzordua. Emaitza oso baikorra da guretzat, baina nik dinamikei erreparatu nahiko nieke: bikain aritu gara, eta pausoz pauso aurrera goazela ikusi dugu”. Aurtengo helmuga, xede espezifikoetatik harago, “lehiakortasunean” datza: “Lehiakorrak bagara, emaitzak eskutik etorriko dira. Hori bai, argi eduki behar dugu liga eta Eurocup uztartzeak lankarga erantsia dakarrela beregain”.
Osatu duten lantaldeaz galdetuta, “pozarren” ageri arren, barnealdeko jokoa sendotuko duen “jokalariren bat edo bi” behar ditu Lointekek: “Eskuragarri ditugun jokalarien maila beraien moldagarritasunean oinarritzen da, hainbat postutan joka dezatekeelako; edozelan ere, Cameron Williamsen nahiz Taylor Jonesen hutsuneak beteko dituzten barnealdeko jokalariren bat behar dugu, blokeoak zein erreboteak kudeatuko dituztenak eta joko gogorra proposatuko dutenak”. Erregina Kopa da entrenatzailearen ilusio iturri handienetakoa: “Sailkapena denboraldiaren lehen zatian egiten den lanaren ordainsaria da, eta horrek asko motibatzen gaitu. Laupabost talde kenduta, gainontzekoen maila oso parekoa da eta, alde horretatik, kopara sailkatzeko erabateko aukerak eta asmoa ditugu; geure afizioari pila bat gustatzen zaion lehiaketa da, eta bertan egon gura genuke aurten ere”.
Ane Olaeta: “Ligaz harago, Eurocup Womenen ahalik eta urrunen iristea eta Erregina Kopan egotea bilatuko dugu; horrez gain, kanporaketetan aritzeko moduan baldin bagaude, are hobeto”
Kanporaketa postuak, egingarri.
Etxeko bi jokalarietako batek, Olaetak, estreinakoz lehiatuko du Eurocup, eta “ilusioz gainezka” ageri da, bere debut europarra dela eta: “Jokalariok oraindik elkar ezagutzen ari gara, baina aurtengo jomugek asko motibatzen gaituzte, eta bide onetik goaz”. Gernika-lumotarrak “partiduz partidu” hartuko du aurtengo sasoia, baina argi du taldeak ligako kanporaketa jokatzeko “besteko maila” duela: “Ligaz harago, Eurocup Womenen ahalik eta urrunen iristea eta Erregina Kopan egotea bilatuko dugu; horrez gain, kanporaketetan aritzeko moduan baldin bagaude, are hobeto”.

Alderdi fisikotik, “lan handiko prozesuan” murgilduta dago lantaldea. Izan ere, Fernandezek zorrozki neurtu behar ditu jokalarien lankargak, eta errotazioak egin beharra du. Olaeta karga fisikoen “alternantziaz” mintzatu da: “Garrantzitsua da jokalariak ez erretzea, eta guztiek ahal beste lehiaketa minutu edukitzea, alternantzia bat eginez. Guk baino lantalde sakonagoak eta aurrekontu boteretsuagoak dituzten kluben artean, modu guztiz zorrotzean egin behar dira estrategiak, baina guk geure lantalde teknikoagan erabat sinisten dugu”.