Zenbat olatu, hainbat abentura
Laga Classic lagunarteko surf txapelketa egingo dute datorren zapatuan [irailak 27], Lagan, egun osoko egitarauagaz.
Datorren zapatuan [irailak 27], Laga hondartzak Laga Classic lagunarteko surf txapelketa hartuko du, kirola eta saretzea uztartuko dituen egun osoko egitarauagaz. Ogoñope Surf Taldeak surfaren jarraitzaile guztiei bideratutako eguna prestatu du, baina bereziki “gaztetxoenei”. Izan ere, hainbat modalitateko saioak egingo dituzte egun osoan, surfarekiko zaletasuna eta surflarien arteko hartu-emana sustatze aldera: “Taula luzean, laburrean edota bodyboardean aritzea gustuko dutenei zuzendutako eguna izango da, beraien lehentasuna horietako edozein izanik ere. Laga Loggin txapelketa apur bat gehiago bideratzen dugu lehiara eta parte hartzaileen arteko neurketara, baina Laga Classic erabat bestelakoa da: parte hartzea baloratu ohi dugu, kirol mailaren gainetik”.
Aurtengo ekitaldiari begira, antolatzaileen aurreikuspenak “oso baikorrak” dira, egunak baitaramatzate itsasoaren egoerari begira: “Ez dago ez hotzik, ez berorik iragarrita; gainera, itsasoan olatu txikiak egongo dira. Haur eta gaztetxoentzat, beraz, surferako baldintzarik onenak egongo dira, horietako zenbait surflari oso-oso trebeak direla jakin badakigu ere”. Parte hartzaile kopuruaren nahiz taula moten arabera antolatuta, zapatuan bertan atonduko dituzte egingo dituzten txandak. Lehen surflariak 09:00rak aldera uretaratuko direla iragarri dute, eta, horrenbestez, “08:15ak inguruan” Lagan egoteko eskaria egin diete.
Txandaz txanda, egun osoan surfaz gozatzeko aukera paregabea edukiko dute. Behin saio denak biribilduta, “iluntze aldera”, sari banaketa ekitaldia egingo dute: “Modalitate bakoitzeko garaileek txapela jasoko dute, eta bigarren zein hirugarren sailkatuek, ostera oroigarria“. Ez hori bakarrik: surferako materiala zozkatuko dute egunaz gozatzera animatzen direnen artean. Egitaraua lagunarteko mokaduak osatuko du.