Muxika eta Gernika-Lumo batzeko bidegorriaren aldeko pedalkadak
Autorik Gabeko Egunaren harira, Urretxindorra herri eskolako guraso elkarteak Muxika eta Gernika-Lumo batzeko aldarrikapena kalera ateratzeko deialdia egin zuen zapaturako, eta 80 lagunek baino gehiagok bat egin zuten bat ekimenagaz.
Muxika eta Gernika-Lumo batzeko bidegorriaren eskera, errepidera. Urretxindorra Guraso Elkartea Bizikletan, oinez, patineteetan, korrika… Muxika eta Gernika-Lumoren arteko bidearen noranzko bat geldituz, aldarrikapena errepidera eroan dute beste urte batez muxikarrek. Kurtzero eta Gernika-Lumo lotzeko bidegorria eskatu du aurten ere Muxikako Urretxindorra herri eskolako komunitateak. Izan ere, bi udalerriak batzeko oinezkoentzako eta bizikletentzako “bide segurua” gura dute, Muxikatik Gernikarainoko tartean arriskurik barik ibili ahal izateko balioko diena. Autorik Gabeko Egunaren harira egiten dute aldarrikapena urtero, eta 80 lagun inguruk egin zuten bat deialdiagaz zapatuan (irailak 20).
Kurtzerotik Elizalderainoko bidegorria eskatzen zuten lehen, baina tarte horretako bidegorria eginda dagoenez, Muxika eta Gernika-Lumo batuko dituena aldarrikatzen dute orain; izan ere, 14.000 ibilgailu inguru igarotzen dira bide horretatik egunero, tarte hori “gune arriskutsu” bihurtuz. “Noizbehinka ikusten dira baten batzuk errepide horretatik oinez, baina arriskutsua da. Hala ere, asko gara batetik besterako bidea egin behar izaten dugunak”, azaldu dute Urretxindorrako guraso elkarteko kideek. Hala, Gernika-Lumogaz Kurtzeroko bidegorria batuko balitz, “segurtasunean irabaziko” luketela uste dute herritarrek.

Muxika eta Gernika-Lumo batzeko bidegorriaren eskera, errepidera.Urretxindorra Guraso Elkartea
Hala, tokiko erakundeei, eragileei eta aldundiari larritasun egoera helarazteko atera ziren errepidera. Izan ere, badakite proiektu hori aurrera eroateko plana onartuta duela aldundiak, baina hori ez dutela “bat-batean” egitea aurreikusten diote, eta guraso elkarteak hori “ahalik eta arinen” egitea gura dute: “Asmoa agertuta, hori ahalik eta arinen gauzatzea eskatzen dugu. Ez dugu plana ahaztuta geratzerik nahi”.
Baina, zapatukoa, ez zen aldarrikapenerako tartea bakarrik izan, bizikleta ibilbidea osatu ondoren, gazte zein nagusi eskolara igo ziren, eta, han, hamaiketakoan elkartu ziren guztiak.