MusikEan zikloa: herriarentzat onura musikala bermatuz
Eskaintza zabala eta askotarikoa nagusituko dira, bosgarrenez, MusikEan musika zikloan. Eguenatik domekara bitartean, hala, musika klasikoaren aldeko apustua egingo dute, Eako Eskolondon.
MusikEan musika klasikoaren zikloa Eako Eskolondon. Argazkia: Herrijeri Emon Arnasa. Eako Eskolondoko frontoi egokituan musika klasikoa ardatz duten lau emanaldiko zikloa egingo dute bosgarrenez, musika klasikoaren formatu, dinamika eta proiektu ezberdinak erakusten dituen MusikEan musika zikloaren baitan. Eguenan (irailak 25) hasi eta domekara (irailak 28) bitartean iraungo du zikloak; sarrera doakoa izango da, eta ekitaldi guztiak 19:00etan hasiko dira.
Bosgarren urtez jarraian antolatu du Eako Udalak eta HEA Kultur Taldeak, Agustin Bergara musika koordinatzailearen laguntzaz MusikEan, baina Bergarak esan du, aurretiaz ere kontzertu solteak ekarri izan dituela Eara. Ze, helburu berdina izan ohi du urtez urte: Eara musika hurbiltzea, eta horretan musika klasikoaren aldeko apustua indartzea: “Uste dut, ekimen kultural bat den heinean, herriarentzat onuragarria dela. Musika klasikoa asko ezagutzen ez dutenei hurbiltzeko modu bat da, ze Ean ez dago antzeko ekimenik, Bilbora edo beste nonbaitera joan ezean”. Gainera, urtero aniztasuna ematen saiatzen dira, urtero gauza desberdinak eginez, hainbat musikari, musika talde eta musika proiektu ezagutarazteko asmoz.
Jendearen erantzuna “oso ona” izaten dela aurreratu du Bergarak, eta hortaz baliatzen dira urtez urte zikloak antolatzen jarraitzeko. Eako Udaletxeak 150 pertsona inguruko gehienezko afororoa finkatzen du Eskolondoko frontoi egokituan ziklook burutzeko, eta koordinatzaileak adierazi duenez, “justu samar” ibiltzen dira, eskaera handia izaten baita herrian. Ze, esaterik ez dago, dagoeneko herrian errotuta dagoen ekimen kulturala dela MusikEan. “Uda guztian aritu izan zaizkit herritarrak aurten ere kontzertuak egongo diren galdezka. Gogotsu egoten dira urtero, ze urtez urte, gero eta erantzun hobea jasotzen dugu eurengandik”, gaineratu du.
Hain zuzen ere, aurtengo MusikEan musika zikloetarako prestatu duten egitaraua “bereziki interesgarria” izango dela baieztatu du, musikari “oso onak” oholtzaratuko dira-eta. Hala ere, argitu du aurreko urteetako musikarien maila ere aipatzekoa dela. Aurten, esaterako, Carlos Goikoetxeari aipamen berezia egin nahi izan dio kontserbatorioko irakasleak, ze, bere ikaslea izandakoa da: “Gaur egun Austrian bizi den musikari getxotarra da. Bilboko Kontserbatorioan nire ikasle izandakoa, eta ondoren Salzburgoko Mozarteum Unibertsitatean ikasitakoa: Imre Rohmannekin pianoa, Wolfgang Brunnerrekin Fortepiano eta Klabea eta Reinhard Goebelekin Interpretazio historikoa. Egun, Aintzineko Musika irakaslea da aipatutako unibertsitatean eta Fortepiano katedraduna da Bienako Musika eta Arte dramatikoko Unibersitatean”. Bere gaztetasuna oinarritzat hartu, eta musikari gisa duen “maila altua” nabarmendu ditu.
Emakumeei omenaldia.
Bestalde, Jose Antonio Hontoria akordeoilaria eta Aitor Amilibia txistularia izango direla aurreratu du. Horreen maila ere “oso altua” dela jakinarazi du Bergarak. Eta, berezitasun gisa, Iñaki Lagos eta Maite Villatek osatutako bikotea oholtzaratuko dira, “gizonek menderatutako mundu batean sortzen jarraitu duten emakumeei” musikaren bidez omenaldia eginez: “XIX eta XX.mende artean emakume konpositoreen gorakada gertatu zen. Familia eta musika sorkuntza uztartzeko izan zituzten zailtasunez gain, konplexutasun handiko obrak egiteko ezintasuna egotzi eta intuizio femeninoa deiturikoa gutxietsi egiten zen arrazionaltasun maskulinoaren aurrean”. Azalpen horrekin batera, halaber, Lagosek eta Villatek “orduko sei konpositoreen piezak” hartu dituztela gehitu du.
Azkenik, iazko hitzordua mantenduko dute zikloaren bosgarren aldian ere. Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskolakoak arituko dira eguenan, alegia, Eskolondoko frontoia girotzen, hainbat musika estilorekin. Azken urteetan, orkestra txikiak, ganbarako musika taldeak eta orkestra nagusiak eskaini izan dituzte Busturialdeko herrietan ere, eta irakasle eta ikaslean bat egingo dute Eskolondon, frontoia musikatuz.
Urterokoaren “erantzun berdina edo hobea” jasotzea espero du Bergarak, MusikEanen bosgarren aldian. Jendeak gozatzea, eta gaur egun hainbeste entzuten ez diren musika motak ezagutzea, eta bide batez, musikariak ezagutaraztea, eta euren lana aitortzea. Hori lortzeko asmoz arituko dira lanean datozen egunetan.
EGITARAUA:
- Irailak 25, eguena: Segundo Olaeta Musika Eskola.
- Irailak 26, barikua: Iñaki Lagos (biolina) eta Maite Villate (pianoa).
- Irailak 27, zapatua: Carlos Goikoetxea (pianoa).
- Irailak 28, domeka: Aitor Amilibia (txistua) eta Jose Antonio Hontorio (akordeoia).