Lasaitasunerako astirik ez
Lointek Gernika Bizkaiak Eurocup Women txapelketaren aurretiazko kanporaketaren itzuliko partidua jokatuko du bihar [irailak 24], PAS Gianninaren kontra. Asteburuan Euskal Kopa jokatuko du, IDK Euskotrenen eta Araskiren aurka.
PAS Gianninaren aurkako joaneko partidua.Eurocup Women Lointek Gernika Bizkaia lanak ondo eginda iritsiko da biharko [irailak 24] Eurocup Women txapelketaren aurretiazko kanporaketaren itzuliko partidura. Iragan astean, kanporaketaren joaneko neurketan, talde granateak erakustaldia eman zuen PAS Gianninaren aurka, eta orain greziarrei dagokie Malostera bidaia egitea. Joanekoan, 57 eta 90eko errenta mardula lortu zuten gernika-lumotarrek, baina, kanporaketak “jokatu beharreko 80 minutu dituela” nabarmenduta, arerioa ez gutxiesteko eta itzuliko partiduan berriro dena emateko asmoz kantxaratuko direla aditzera eman dute. 20:30ean ekingo diote norgehiagokari.
Lehen azterketan, behintzat, hainbat zalantza alboratu ahal izan zituzten Lucas Fernandezen jokalariek; besteren artean, sobera frogatu zuten hiruko distantziatik eraginkortasunez jokatzeko gai direla, baita lantaldeak, lesioen ondoriozko hainbat hutsune dituen arren, aukera desberdinak eskaini ditzakeela ere. Hori gutxi balitz, nota bikainez gainditu zuen hitzordu hura Europan debuta egin zuen Ane Iturrioz harrobiko jokalari gazteak; galdakoztarrak bigarren aukera ere izango du biharkoan. Baina joaneko partidu hura historia hutsa da, eta hurrengoa ate joka du Gernikak.

PAS Gianninaren aurkako joaneko partidua.Eurocup Women
Fernandezek zortzi jokalari ditu eskuragarri biharko. Lantaldeak partiduari “egoera oso onean” helduko diola azpimarratu du entrenatzaileak: “Gainera, Sarah Polleros Txinan lehiatu den 23 urtez azpikoen 3×3 Munduko Txapelketatik itzuli da, eta, bidaiatik berreskuratuta baldin badago, jokatzeko moduan egongo da”. Beraien alde duten errentak “konfiantza puntutxoa” ematen die gernika-lumotarrei, baina ez, ostera, “lasaitasunerako tartea”: “Europara egin ohi dugun bidaia denak gogorrak dira, eta Greziako joanekoa ere taldearentzako nekeza izan zen, markagailua gorabehera; garaipena eta errenta hura lortzeak, beraz, esangura handia du”.
Lucas Fernandez: “Taldea hazten segitzeko asmoz kantxaratuko da berriro, orain baita hobekuntza txikiak hoberen txertatzeko unea”
Malosteko jarraitzaileen aurrean jokatzeari dagokionez, taldeari “bigarren bultzada” emango diola azaldu du: “Taldea hazten segitzeko asmoz kantxaratuko da berriro, orain baita hobekuntza txikiak hoberen txertatzeko unea; umiltasun, errespetu eta ilusio handiz jokatuko dugu, marea granatearen aurrean indartsu azaltzeko gogotsu. Kanporaketaren lehen 40 minutuetan oso ondo aritu gara, baina hau beste partidu bat da, eta berriro dena ematera atera beharra dago”.
Asteburu bete-betea.
PAS Gianninaren aurkakoa ez da Lointekek asteon jokatuko duen partidu bakarra izango. Hain zuzen, asteburuan Euskal Kopan egongo dira gernika-lumotarrak, Durangoko Landakon. Goi mailako euskal taldeen artean jokatu ohi duten txapelketa hori denboraldiaurrean galdu ezinezko hitzordua izaten da, lehiaketan minutuak gehitzen joateko eta liga erregularrari begira puntu fisikoa doitzen jarraitzeko apropos askoa. Barikuan [irailak 26], IDK Euskotren taldearen kontra jokatuko dute, 19:30etik aurrera; domekan [irailak 28], berriz, Araskiren kontra neurtu beharko dituzte indarrak, 12:00etan hasita.