Desafioa eta ospakizuna, eskutik
Herri kirol desafioa izan da Arratzuko Gorozika auzoko jaietako erakargarri handietako bat. Asteburuan zehar, denetariko jarduerez eta jai giroaz gozatzeko parada izan dute herritarrek.
Mendieta, ezkerrean; Ezpeleta, eskuman.Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldea Arratzuko Gorozika auzoan jaia eta goi mailako herri kirolak uztartu dituzte iragan asteburuan. Barikuan [irailak 19] eta zapatuan [irailak 20], Santamañe jaiak ospatu zituzten, eta, urteroko usadioari jarraituz, jaien epizentro nagusia zapatuko VI. Pirata Eguna eta bere herri kirol desafio edo ikuskizuna izan zen. Antolatzaileek, urtez urte, modalitatez eta erakustaldiz aldatzeko saiakera egiten dute; aurtengoan, aizkolaritza izan da ardatza.
Hain zuzen ere, zapatu arratsaldean, Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolari beteranoak auto eta furgoneta bana aizkoraz erdibitzeko egitekoa eduki zuen. Arratzuarren nahiz ingurutik bertaraturiko herritarren berotasuna lagun, Bihurrik “gogotik sufritu” zuela adierazi dute, baina azkenean lortu zen helburua, antolatzaileen berbetan: “Furgoneta mozteko, ordu laurdeneko tarte behar izan zuen, baina autoa bost minututan erdibidu zuen”. Ekaitz arriskuri aurre egitea izan zen, Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldeko antolatzaileen arabera, aizkolariaren erronka handia: “Autoak irristakor egon ziren, eta hark are arriskutsuago eta nekezago bihurtu zuen aizkorakadaz erdibitzea, baina azkenean Bihurrik bere ibilbideari ohore egin zion, eta maila itzelean dagoela frogatu zuen”.

Bihurri, lehia betean.Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldea
Eibartarrak, halaber, “azken orduko” laguntzailea eduki zuen erakustaldirako: “Bere desafioa hasi orduko, eskarmentu handiko beste aizkolari batek, Julen Mendieta lemoaztarrak, enbor mozte lehiaketa egin zuen Bihurrigaz batera. Mendietak egurra beso biekin moztu behar izan zuen, eta Bihurrik, aldiz, bakarragaz. Herritarrek asko gozatu zuten ikuskizunaz”.
Zapatua orduko, gainera, barikuan ere egon zen zereginik. “Eguraldiak lagundu ez arren, herriko jendeak jaiaz gozatu ahal izan zuen, batez ere, otxoteez eta Obieta aita-semeen musikaz”, argitu dute. Zapatuan ere, kirol saioaz gain urteroko palanka jaurtiketa txapelketa, briska nahiz tute txapelketak eta umeentzako apar jaia zein jolas puzgarriak eduki zituzten. Denentzako tartea egon zela azpimarratuta, jaien eta kirol erakustaldiaren “balorazio oso ona” egin dute: “Asteburuko aro eskasa tarteko, beste urte batzuetan baino jende gutxixeago hurreratu da aurten, baina bertaratu direnek gogotik gozatu dute; herri kirol desafioak eduki du jarraipenik handiena, baina gainontzeko jarduerek edukitakoagaz ere gustura gaude”.