VI. Pirata Egunak kirola jaiagaz uztartuko du
Ernesto Ezpeleta 'Bihurri' aizkolaria ibilgailu bi aizkorakadaz erdibitzen saiatuko da zapatuan [irailak 20], 18:00retan. Kirol erakustaldia jai giroz jantziko dute barikutik zapatura artean, Arratzuko Gorozikan.
Arratzuko Piratak Herri Kirol Klubak antolatuta, Arratzuko Gorozika auzuneak goi mailako herri kirol erakustaldia hartu du asteburu honetan, VI. Pirata Eguna ospatzeko. 18:00retan Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolariak. Bihurri, hain zuzen ere, ibilbide luzeko herri kirolaria da, aizkolaritzaren esparruan munduko errekor ugari ezarritakoa. Arratzun ez du egoteko makala edukiko: erlojuaren aurka, ibilgailu bi aizkoraz erdibitu beharko ditu. Arratzuarrek, urtero-urtero, “herri kirol ikuskizunekin lotura” duen desafioa atondu ohi dute jaietarako, eta aurten aizkolaritzaren alde egingo dute. Ezpeletak auto eta furgoneta bat erditik ebakiko ditu, hain zuzen.
Zapatua orduko, baina, jai giroa barikuan [irailak 19] ipiniko dute abian arratzuarrek. Arratzuko abeslariek otxoteak kantatuko dituzte lehenik, eta ostean txistorra janaldi herrikoian bilduko dire bertaratzen diren herritarrak. Ospakizunerako aldarterik ez da inondik inora faltako, Obieta aita-semeek beraien musikagaz girotuko baitute arratsaldea.
Zapatuan, arratsaldeko kirol jardunaldia baino lehen, egongo da zer eginik. Tortila txapelketa egingo dute, eta herritarrek 12:00etan izango dute lehian parte hartzeko izena emateko hitzordua. Txapelketarako tortilak ordu bi beranduago aurkeztu beharko dituzte. Bien bitartean, ohiturazko beste jarduera bat, palanka jaurtiketa txapelketa ere egingo dute. Gainera, umeentzako jolas puzgarriak egongo direla aurreratu dute antolakuntzatik, baita apar jaia ere, 17:30ean. Ez hori bakarrik: briska eta tute txapelketak ere egingo dituzte, 19:00retan.
Gaualdia sarteneko janaldiagaz eta erromeriagaz biribilduko dute. Egitaraua “su artizial saioak” zarratuko du. Hori bai, gure duenak ordu txikitara arte geratzeko aukera edukiko du, “musika eta jai giroa” egongo baitira gauean ere.