Rock musika zipriztintzeko prest dagoen odol gaztea
Abesti, entsegu eta kontzertuen zurrunbiloan murgilduta dago Apokhalipsis taldea. Segundo Olaeta Musika Eskolan elkar ezagututako Julen Goikoetxea, Oier Hernandez eta Kimetz Uriguenek osatzen dute rock hirukote gernika-lumotarra.
Argazkia: Unai Alba Bilbao/UAB Shots. Bi urte pasatxo dira Julen Goikoetxea Ojanguren, Oier Hernandez Gonzalez eta Kimetz Uriguen Roman gazte gernika-lumotarrek abentura berri batean murgiltzeko erabakia hartu zutenez geroztik. Goikoetxea eta Hernandez klasekideak ziren Allende Salazarren, baina, behin aldi hura bukatuta, beraien bideak bereizi egin ziren. Bizitzak Segundo Olaeta Musika Eskolan berriro bat egitera eroan zituen, bien lehen urtean. Musika eskolako konboetan, batek baxua jotzen zuen, eta besteak gitarra; orduantxe sortu zitzaien beraien musika proiektu propioari ekiteko grina.
Hernandezek Uriguen musika eskolako perkusio klaseetatik ezagutzen zuen, eta ez zuen inongo zalantzarik izan berari egitasmora biltzeko eskatzerakoan. “Lehen unetik gogo itzela erakutsi zuen, eta baketen gidaritzan jarri zen”, azaldu dute.
Abestiek, belarriak eztitzeaz eta lepoak aurrera-atzera mugiarazteaz harago, badute beste botere ezkutu bat ere: laguntasun lokarriak eratzea. “Kantuak joz eta joz, gehiago elkar ezagutzen joan ginen, eta geure arteko hartu-emana estutzen“, argitu dute. Beste hainbestek bezalaxe, iparrorratz zituzten taldeen bertsioak moldatuz abiatu zuten beraien zerrenda sonoroa. Berri Txarrak, La Fuga edota Sarkor doinuak zituen beraien entsegu lokalak.

Argazkia: Unai Alba Bilbao/UAB Shots.
Hain zuzen, SOMEren lokalean hasi zen biraka lehendabiziko entseguen gurpila, taldearen ibilbideko aldaketarik “esanguratsuenetakoa” iritsi arte: Iparragirre Rock Elkartera lekualdaketa. “Erreten taldekoek lagundu ziguten Iparragirren muturra sartzen; tokia ezagutu arren, ez genuen erreferentzia larregirik”, diote. Iazko udan lau kontzertu eman zituzten, eta orduantxe igarri zuten proiektuari “apur bat serioago” heltzeko prest zeudela; toki aldaketak “pila bat” lagundu zuen proiektua sendotzeko egiteko hartan.
Otsailean egin ziren elkartekide eta, ordutik, “ezin erosoago” daude Gernika-Lumoko rockzaleen aterpean. Alde musikaletik hazteaz gain, ekimen handi baten partaide izateak duen garrantziaz mintzo dira: “Lehen unetik eskuak zabalik hartu gaituzte, eta izugarri lagundu digute”. Ezagutu dute musikak “bestelako eginbeharrak” ere badituela: “Argiak eta soinua kudeatzen ikasi dugu, kontzertuetan laguntzen edota barran zein sarreran txandak egiten”. Hori bai, kontzertuetara joatea “izugarri” maite dutenez, aipatutako lan horiek “gustu handiz” egiten dituzte.
Elkartekiderik gazteenetakoak dira. “Badaude Txoriburu moduko taldeak, partaide gazteez osatuta daudenak, baina uste dugu belaunaldi arteko txandapasa hori oso garrantzitsua dela, kultur elkarte txiki zein ertainek, ondo funtzionatzeko, jende berria behar baitute”.

Argazkia: Unai Alba Bilbao/UAB Shots.
Oinarria eta energia.
SOMEren eta Apokhalipsisen arteko ezkontzak hibridazio “arraroa” badirudi ere, “bikain” uztartzen direla diote: “Alde batetik, musika eskolaren konboetan musikaren oinarria zein den ikasten da, oholtzan zelan jokatu; beraz, lasaiago har daiteke. Bestetik, Apokhalipsisek proiektu propio bat ahal bezain hoberen defendatzea esan gura du guretzat; energia hutsa da, lokalean orduak eta orduak sartzea, gauzak mimo handiz egiten saiatzea”.
Gernika-Lumoko tabernetan hainbat kontzertu eman dituzte, “eta gehiago etorriko dira”. Beraien talde kuttunetako asko “taberna giroan” jotzen hasi ziren, eta bide hori zukutzearen aldeko hautua egin du hirukoak: “Tabernak ere musikaren gordeleku izan dira, eta guk kultura hori maite dugu; gainera, tabernarientzako ere onuragarria da”.
Udan, baina, mugak zabaldu dituzte, eta “urrunagora” eroan dute beraien proposamen musikala. Hain zuzen, Zamoran —bigarren aldiz— nahiz Nafarroan eman dituzte kontzertuak, betiere “jai giroan”. Ametsetako agertokiaz galdetuta, bi datorzkie burura: “Resurrection Fest edota Viña Rock moduko jaialdi handi batean jotzea egundokoa litzateke, miresten ditugun taldeekin oholtza elkarbanatuz”. Hurragora etorrita, baina, argi eta garbi dute beraien bi oholtza estimatuenak zeintzuk liratekeen: “Iparragirre eta Bilboko Kafe Antzokia“.

Argazkia: Unai Alba Bilbao/UAB Shots.
Lehen lana, sortze bidean.
Bertsioak albo batera uzteko asmorik izan ez arren, Apokhalipsisek dagoeneko sortua du bere lehendabiziko abesti propioa: Nire Tokia. Estreinakoa ez ezik, gehiago ere bidean daude: “Gure asmoa, bospasei kantu biribilduta dauzkagunean, EP edo lan labur bat osatzea da, eta hura Iparragirren aurkeztea”. 2026aren hasiera dute horretarako begiz jota.
Beren lan “fisikoa” esku artean edukitzeak “ilusio berezia” pizten die: “Album fisiko edo analogikoak edukitzeak xarma berezia du. Egun, badirudi dena klik bakarrera dagoela, guztia berehalakoa dela. Baina guk maite dugu binilo edo CDez gozatzea: letrak eskura izateak, arte grafikoaz gozatzeak eta alde musikala dastatzeak ez du preziorik; musika bizitzeko modu intentsoagoa da”.
Apokhalipsis momentu gozoan dago, uneaz gozatzen: “Oraindik ez dakigu rockaren zein adarretan egonkortu gura dugun, ezta egonkortu gura badugu ere. Egiten dugunaz disfrutatzen ari gara, abesti propioei dagokien denbora eskaintzen”