Gazte eguna: herriko gazteak batzeko eta harremantzeko
Zapatu honetan [irailak 20] ospatuko da Gernika-Lumoko Gazte eguna, eta Egurre Gazte Asanbladatik esan dutenez, aurtengoa berezia izango da, Gaztetxea duten lehen urtea baita.
Egurre Gazte Asanbladak beste behin Gernika-Lumoko Gazte eguna antolatu du, zapatu honetarako [irailak 20] aurreikusitako egitarau borobilarekin batera. “Gazteak batzeko eta harremantzeko” baliatuko dute eguna; Gernika-Lumoko Gazte egunak izena hartzeko. Egurre Gazte Asanbladakideek azaldu dutenez, eta aurtengoa berezia izango dela gaineratu dute: “Lehenengo aldia da Egurre Gazte Asanbladak gaztetxea duena, eta beraz, kontzertuak gaztetxean bertan egingo dira. Politika hizpide izateko eguna izango da, eta aurten helburu berezi bat ere badu guretzako egunak. Gaztetxearen alde borrokatu dugun bezala, beste hainbat zapalkuntzen kontra ere borrokatzen dugu, eta hori aitortzeko helburuz biziko dugu eguna”.
Hala nola, 11:00etan emango diote gernika-lumotarrek hasiera egunari, herri apainketagaz. Egitarauari adituz, “giro herrikoia” nagusituko dela aurreikusi dute asanbladakideek, eta hori lortzeko hamaika ekintza antolatu dituzte; ginkana, bazkaria, osteko jolasak, karropoteoa eta gaueko kontzertuak dira horren adierazle, batik bat. Ze, Inguma, Jipoituak, Istilu, Kaparrak eta Dj I am Gizen esku egongo da gauez gaztetxea musikatzea. Bide batez, esan dute bazkarirako eta kontzertuetarako tiket bateratuak oraindik eskuragarri daudela, Ipar eta Katu tabernetan. Hala ere, jende asko hurbiltzea espero dute, eta aurreratu dutenez, baliteke egunean bertan kontzertuetarako tiket solteak saltzea, “aforoaren arabera”, nahiz eta ez zen beraien hasierako ideia.
“Garrantzitsua da jendea konturatzea Gazte Eguna ez dela soilik jai egun bat, baizik eta herriko gazteok sozializatzeko topagune bat ere badela, zeinetan guregan eragina duten eta garrantzitsuak diren gizarteko hainbat gai garatzen, lantzen eta hausnartzen ditugun denon artean. Gazteok, elkarrekin gauza asko aldatzeko gai garela erakusteko espazioa da”, adierazi dute. Eta, era berean, “asanbladara batzeko deia” zabaldu nahi izan dute, jende gehiagorekin “errazago eta hobeto antolatzeko aukera” izan dezaten. Egurre Gazte Asanbladatik, oro har, lanean jarraituko dutela argi dute, “proposamen asko” baitituzte aurrerantzean aurrera ateratzeko.
EGITARAUA:
- 11:00. Herri apainketa
- 12:00. Ginkana
- 14:30. Bazkaria
- Ostean. Jolasak
- 19:00. Karropoteoa
- 21:00. Kontzertuak: Inguma, Jipoituak, Istilu, Kaparrak eta DJ I am Giz