Euskararen erritmoa hartzeko prest daude
Euskara erritmo bizian jarri nahi dute Gernika-Lumoko Aita Villasante Udal Euskaltegian, eta, horretarako, eskaintza zabalarekin datoz oraingoan ere. A0 mailatik C2 mailara arteko saioak eskainiko dituzte beste urte batez, goizez zein arratsaldez, baina talde guztiak astean bi aldiz bilduko dira aurten.
Gernika-Lumoko Aita Villasante Udal Euskaltegiak 1984an zabaldu zituen bere ateak. Harrezkero, bere egiteko nagusia euskararen normalizazioa eta erabilera sustatzeko helduak euskalduntzea eta alfabetatzea izan da eta da, hezkuntza sistemaren osagarri jokatuz, 16 urtetik gorakoei eskainitako zerbitzua emanez.
Erritmo bizian jarri nahi du euskara udal euskaltegiak, eta euskararen erritmoan pausoak ematen hasteko prest daude udal euskaltegiko langileak. Horretarako, eskaintza zabalarekin datoz aurtengoan ere, A0 mailatik hasi eta C2 mailara bitarteko saioak eskainiko baitituzte. Urtero «ahalegintzen» dira maila guztietako taldeak osatzen, goizeko zein arratsaldeko ordutegietan, txandaka dabilen jendearentzat, eta aurten ere horrela egingo dute.
Baina ikasturte berriko berrikuntzetako bat izango da asteko saio kopurua. Orain arte, udal euskaltegiaren jarduera beti izan da egunerokoa, hau da, astean lau eguneko saioak eskaintzekoa; astean hamar orduko ikasketa prozesua gauzatzekoa, alegia. Baina, aurten, ikasleek egindako ekarpenei kasu eginda, eta horiek eskatutakoari jarraiki, maila guztietan eta talde guztietan astean bi eguneko saioak antolatzeko pausoa eman dute; iaz zenbait talderekin astean bi aldiz elkartzen hasi ziren, baina aurten talde guztiekin gauza bera egitea erabaki dute. «Hizkuntza bat ikasterakoan, askoz ere eraginkorragoa da egunerokotasunean ikasitako hori praktikan jartzea, maila mantendu ahal izateko eta ikasitakoa ez ahazteko, baina jendeak ez dauka astirik egunero euskaltegira hurbiltzeko», azaldu dute euskaltegiko arduradunek. Izan ere, ikasturteak aurrera egin ahala, asko izaten dira sortzen diren asistentzia arazoak: «Eguneroko saioak ez izateak batez ere maila baxueneko ikasleei eragingo die gehien, baina asko dira ikasturtea hasi eta egunerokotasuneko erritmo hori mantendu ezin dutenak. Ondorioz, astean bi saioko programazioa egitea aurreikusi dugu aurten».
Dagoeneko martxan dute matrikulazio epea udal euskaltegian, eta izena ematen hasi dira euskara ikasleak. Iaz baino «motelago» doa matrikulazioa momentuz, baina hurrengo bi asteak garrantzitsuak izango direla diote arduradunek. Hala, euskara ikasi, hori finkatu edo euskaraz lehen pausoak eman gura dituztenei bertaratzeko eta animatzeko deia egin diete arduradunek.
Jakinarazi dutenez, maila goreneko C2 mailan zein hasierako mailetan izaten dituzte ikasle gehien: «Egonkorrenak diren mailak dira horiek. C2 mailak pisu garrantzitsua dauka udal euskaltegian, ikasleriaren ia-ia laurdena maila horretan ari baita. Bestalde, A1 mailak ikasleen %20 barnebiltzen du. Beste mailetan talde sakabanatuagoak izaten ditugu». Zehatz esateko, B1 eta B2-2 mailako taldeak sortzeak eragiten die «lan handiena» euskaltegiko langileei.
Asko dira euskara ikasteko lehen pausoa ematen dutenak, eta horietako asko etorkinak direla nabarmendu dute: «Badatoz. Apurka-apurka gerturatzen dira, eta azken hiru urteetan hiru talde inguru sortu ditugu etorkinekin. Talde potoloak izaten dira hasieran, baina nahikoa ezegonkorrak, asistentzia jaisten baita. Beraz, ea astean egun biko saio hauekin errazago egiten zaien asistentzia maila erregularragoa izatea, eta ea gogotsu dabiltzan».
Diru laguntzak
Euskara ikasteko pausoa ematen duten horientzat, gainera, diru laguntzak daudela gogoratu dute udal euskaltegiko arduradunek. Zehaztu dutenez, euskaltegiak orduko euro bateko eta hemezortzi zentimoko tasa dauka, eta ikasturteko orduen araberakoa da ikasturteko prezioa. Hala ere, euskaraz ikastea diruz laguntzen dute bai euskaltegiak, bai udaleko euskara zerbitzuak: «Gernikan erroldatutakoentzat diru laguntzak ditu Gernika-Lumoko Udalak, baina inguruetako herrietako udalek ere gordetzen dituzte horretarako diru sailak».
Esaterako, Gernika-Lumon, euskaltegiaren diru laguntzen bitartez, doakoa da euskara ikastea langabezian daudenentzat, etorkinak direnentzat, familia ugari berezikoak direnentzat, %33tik gorako ezintasuna dutenentzat eta gutxieneko soldata jasotzen dutenentzat. Bestalde, badaude ikasturteko kuota ordaintzen laguntzeko bestelako diru laguntzak: alde batetik, saioetara asistentzia bermatuz gero, ordaindutakoaren kopuruaren %50 berreskuratu ahalko dute ikasleek; eta, bestetik, udaleko euskara zerbitzuak baldintza ekonomikoen eta mailaren araberako laguntza ere eskaintzen du, eta, horretan, zenbat eta maila baxuagoa izan, orduan eta handiagoa izango da onuradunek jasoko duten laguntza.
Informazio gehiago nahi izanez gero, udal euskaltegira bertaratzeko deia egin dute (Artekalea Kalea, 8, Gernika-Lumo), baita 94-627 02 11 telefono zenbakira deitzeko edo euskaltegia@gernika-lumo.eus helbide elektronikora idazteko ere.