Denboraldi hasiera gogorra bideratu asmoz
Lehen bi liga hitzorduetan porrot gogorrak jaso ondoren SD Gernika Club hirugarren jardunaldiari heltzeko eta egoera iraultzeko prest dago. Zapatu honetan [irailak 19] Naxara kontra jokatuko du, etxetik kanpo, 18:00retan.
Zaragoza B-ren kontrako lehen liga neurketa.Gernika Club SD SD Gernika Club taldeak ez du hanka onez abiatu 2. RFEF mailako denboraldia. Urbietako taldeak dagoeneko jokatu ditu estreinako bi neurketak, Zaragoza B-ren eta Uteboren aurka. Zaragoza B-ren aurkako neurketa, sasoiko lehendabizikoa, “oso gogorra” izan zela adierazi dute. Gernika-lumotarrak uneoro aragoiarren erritmora dantzan ibili ziren, eta momentu batean ere ez zieten laga garaipenenerako zirrikiturik arrakalatzen. 2 eta 0 galdu zuten lehenengo hitzordu hura, eta taldea bigarrenaren pentsuan geratu zen.
Baina bigarren hura, taldetik argitu modura, ez zen arerio makalagoa: “Utebo kategoriako erreferentziazko taldeetako bat da, igoera postuengatik borroka egin beharko lukeena”. Gernika-lumotarrek partidu gaitzari aurpegia erakutsi zioten, baina lehen 15 minutuak bete berritan lehen gola jaso zuten, eta jarraian bigarrena. Lehen zatian “gogotik sufritu” ondoren, bigarrenean joko zuzenagoa egitea erabaki zuten, Iñigo Baque aurrelari durangarraren aukerak zukutze aldera. Aldeak 2 eta 1era murriztera ere iritsi zen Gernika, baina azken txanpan, kale edo bale egin ondoren, Utebon hirugarrena sareratu zuen, eta partidua erabaki.
Bi porrot horien ostean, Naxararen kontra jokatuko du Gernikak, zapatuan [irailak 19], 18:00retatik aurrera. “Zuzeneko arerioa” izan daitekeela aurreratu dute, puntu bakarra baitu, eta “pareko helburuak”. Gernika-lumotarrek, beraz, egoera iraultzeko eta puntuen uzta abiatzeko abagunea edukiko dute. Tartean, “lesio eta hutsune ugari” dituzte lantaldean: “Min hartutakoak itzultzen direnerako, garrantzitsua izango da ahalik eta puntu gehien lortzea”.
Bestalde, Alfaroren aurkako hurrengo jardunaldia Urbietan jokaten hasteko asmoa dute, baina ez Ipar Zelaian: “Konponketa lanak amaitu bitartean, Hego Zelaian jokatzeko asmoa dugu”.