Komunitate osasuntsu baten erakusgarri izango diren zikloa
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irailaren 28tik abenduaren 20ra bitartean burutuko da, eta Busturialdeak ordezkaritza handia izango du aurten, horretan. Horregatik, Lilibertsok Liligiroak zikloa antolatu du, entrenamendutzat baliatzeko, eta bide batez, bertso eskola zabaltzeko.
Bertsolaritzaz gozatzeko bestelako proposamena dakar Lilibertsok antolatutako Liligiroak bertso zikloak, eta Busturialdeko hainbat toki izango ditu eszenatoki. Muxikako Ariatza auzoko Atxelipe Txokoa bertsoz bete zuten bariku arratsaldean, eta Errigoitiko Ikuilu Txokoa, Gernika-Lumoko Harizpe Txokoa eta Bermeoko Talako Kantinaren txanda izango da eguenean eta datozen asteetan.
Bertsoa eskualdean oso presente dagoen komunitatea dela nabarmendu dute, eta hori islatzeko «aukera ona» da zikloa. Herri horien aukeraketaren zergatia ere azaldu dute antolatzaileek: «Herri horietan harreman zuzena daukagu txoko edo elkarte batzuekin, eta, beraz, errazagoa da saioak horietan antolatzea. Guk geure kabuz egiten ditugun bertso eskolen antzerako zerbait egitea zen asmoa, baina nolabait publikora zabalduz eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako entrenamendu bezala hartuz». Hain zuzen ere, bi urterik behin jokatzen da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, eta aurtengo aldia irailaren 28an hasiko dute.
Lilibertsoko kideek esan dutenez, aurretik bertso eskolan egin izan duten «ekimen bat berreskuratzeko modua» ere bada Liligiroak zikloa.
«Ateak zabaltzeko modua»
Bertso eskolako kideez gain, bertsolari profesionalek ere parte hartuko dute horietako bakoitzean: «Bertso eskolako bertsolarientzako profesional batekin abestea aukera itzela da, eta gainera, horrek bertso eskoletara jende gehiago animatzea ahalbidetuko du. Ateak zabaltzeko modu bat izango da, baina, era berean, guretzako egingo dugun zerbait da». Igor Elortza, Etxahun Lekue, Ane Labaka eta Unai Iturriaga izango dira eskualdeko plaza desberdinetan abestuko duten bertsolari gonbidatuak.
Gai jartzaileak ere gaur egun lan horretan dabiltzanak izango direla eman dute adizera; hurrenez hurren, Ibai Amillategi, Zihara Jainaga, Ander Elortegi eta Idoia Anzorandiaren eskuetan egongo dira Liligiroak saioetako gaiak. Lilibertsoko kideek gogoratu bezala, horiek ere Bizkaiko Bertsolari Txapelketan egongo dira: «Ondo etorriko zaie entrenatzea».
Saioen ezaugarriei dagokionez, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo fasean izango dituzten ariketa berberak edukiko dituzte Liligiroak zikloan. Horrenbestez, zortziko handiko ofizio bat, zortziko txikiko ofizio bat, bi puntu erantzun, hamarreko txikiko ofizio bat eta bakarkako bi bertso abestu beharko ditu bertsolari bakoitzak.
«Helburua beteta»
Lehenengo saioaren «balorazio ona» egin dute antolatzaileek, eta hurrengoek ere harrera ona edukitzea espero dute: «Zikloa sortzearen helburua bete genuen, bertsolariek Bizkaiko Txapelketara begira euren burua proban jartzea». Mikel Retolaza, Koldo Gezuraga, Beñat Bilbao eta Elortza aritu ziren bertsotan Muxikako Ariatzan, eta gaiak Anzorandiak proposatu zizkien.
Hurrengoa eguenean [irailak 18] izango da, Errigoitiko Ikuilu Txokoan, 18:30ean hasita. Lurdes Ondaro, Asier Galarza, Iker Uriarte eta Etxahun Lekueren txanda izango da, eta Amillategi arituko da gai jartzaile lanetan.
Lilibertsoko kideek adierazi dute Busturialdeko bertsolari komunitatea «osasuntsu» dagoela, eta horrekin jarraitzea «oso garrantzitsua» dela. Modu berean, saioetara hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete eskualdeko bertsozaleei.
LILIGIROAK ZIKLOA:
Irailak 12, barikua.
18:30. Muxikako Ariatza auzoko Atxelipe Txokoan: Mikel Retolaza, Koldo Gezuraga, Beñat Bilbao eta Igor Elortza.
Irailak 18, eguena.
18:30. Errigoitiko Ikuilu Txokoan: Lurdes Ondaro, Asier Galarza, Iker Uriarte eta Etxahun Lekue.
Irailak 25, eguena.
19:30. Gernika-Lumoko Harizpe Txokoan: Janire Arrizabalaga, Enare Muniategi, Koldo Muñiz eta Unai Iturriaga.
Urriak 9, eguena.
18:30. Bermeoko Talako kantinan: Aitor Etxebarriazarraga, Ibai Amillategi, Onintza Enbeita eta Ane Labaka.