"Erresilientzia eta moldagarritasuna", aurrekanporaketaren atarian
Lointek Gernika Bizkaiak EuroCup Womenen aurretiazko kanporaketaren joanekoa jokatuko du eguenean [irailak 18], Pas Gianninaren kontra. Taldeko arduradunek neurketaren aurreikuspenak plazaratu dituzte.
Ezker-eskuma: Fernandez, Olaeta eta Candina. Lointek Gernika Bizkaiak ez du atsedenerako tarterik edukiko 2025/2026 denboraldiaren hasieran. Eguenean [irailak 18], gernika-lumotarrek Pas Giannina talde greziarraren kontra jokatuko dute EuroCup Women txapelketaren aurrekanporaketako joaneko partidua, 19:30ean, Ioaninan. Argi-itzaldun denboraldiaurrea izan da aurtengoa Malosteko lantaldearentzat, prestakuntza bete-betean egonagatik ere, zenbait lesio garrantzitsu eduki dituztelako.
Gaur [irailak 16], taldeko ordezkaritzak kanporaketaren aurreikuspenak plazaratu ditu klubaren egoitzan; agerraldian egon dira Ane Olaeta jokalaria, Lucas Fernandez entrenatzailea eta Gerardo Candina Gernika KESBeko presidentea. Kanporaketaren joaneko eta itzulerako [irailak 24] neurketen iragarpenak egin dituzte ordezkariek, lantaldearen egungo egoera azaldu, eta abiatzear den denboraldiaren helburuak argitu. Hain zuzen ere, aurretiazko kanporaketa irabaziz gero, Gernikak europar txapelketaren C multzoan jokatuko luke, eta talde horretan Hungariako NKA Universitas Pecs, Israelgo Elitzur Ramla eta Portugalgo Sportiva/Azoris Hotels taldeak edukiko lituzke aurkari.

Ane Olaeta jokalari gernika-lumotarra.
Olaeta lehiatzen hasteko “irrikaz” agertu da, sekula ez baitu EuroCup Womenen lehiatu. Talde “lehiakorra” osatu dutela azaldu du gernika-lumotarrak, eta denboraldiaurreko norgehiagoketetan edukitako sentsazioak “oso baikorrak” izan direla azpimarratu. Ate joka duten erronkari dagokionez, egiteko “gaitza” izango dela nabarmendu du, taldeak bere “nortasunari” eusten diola adierazita: “Urtez urte, lantaldeak aldatu egiten dira, baina aurtengoak itxura oso polita du; Europan jokatzeko ilusio handiz helduko diogu kanporaketari, maila fisiko onean. Oro har, oraindik ez dakigu zehazki zein joko mota topatuko dugun Grezian, baina jakin badakigu geure taldeak jokalari garaiak dituela eta, beraz, errebotea funtsezko baliabide izango da guretzat”.
Ane Olaeta: “Bai fisikoki, bai buru aldetik, sendo nago; klubak laguntza handia ematen dit egunerokotasunean, eta giro ederra dago talde barruan”
Aurkariari buruz “ezer gutxi” dakite Malosten: “Antolatzaile ona dute, baina, hortik harago, ez dugu informazio askorik. Edozelan ere, berdin digu: guk geure buruagan pentsatu behar dugu, irabazteko zer egin behar dugun ondo jakinik eta kanporaketa partidu bitara jokatu behar dugula aintzat izanda”. Bere egoera propioagatik galdetuta, “pozarren” ageri da Olaeta: “Bai fisikoki, bai buru aldetik, sendo nago; klubak laguntza handia ematen dit egunerokotasunean, eta giro ederra dago talde barruan”.
Candinak taldeak lanerako erakutsitako jarrera azpimarratu du: “Alde fisikotik trabak eduki ditugu, baina taldeak lanerako prestutasun handia erakutsi du, eta aurreikuspenik onenekin heldu behar diogu kanporaketari”. Hain zuzen, traba horietatik esanguratsuena Cameron Williamsen lesioa izan zen; estatubatuarrak Vive Nazioarteko Txapelketan ezker hankako orpazurda apurtu zuen, eta ebakuntza egin behar izan diote. Lehendakariak azaldu duenez, ebakuntza hori “oso ondo” joan da, baina Williams ez da egongo aurtengo denboraldian jokatzeko moduan. Halaber, Emakumezkoen Endesa Liga abiatu orduko, Gernika Euskal Kopan ere ariko dela adierazi du. Hori baino lehen, jarraitzaileei EuroCup Womenen aurrekanporaketaren Malosteko itzuliko neurketara hurreratzeko deia luzatu die Candinak: “Malostek hasieratik bultza egin behar du, taldeagaz batera”.
Gerardo Candina: “Alde fisikotik trabak eduki ditugu, baina taldeak lanerako prestutasun handia erakutsi du, eta aurreikuspenik onenekin heldu behar diogu kanporaketari”
Fernandezek, Candinaren ildo beretik, Williamsen hutsa “ordezkatzen gaitza” izango dela azaldu du, bata Taylor Jones taldekidearena ere: “Irailaren 2az geroztik entrenatu ezinik dago, bizkarreko arazo batzuk tarteko, eta epe ertainera ez da inondik inora jokatzeko moduan egongo; hori bai, Ane Iturrioz harrobiko jokalari galdakoztarra eroango dugu Greziara”. Entrenatzaileak, era berean, argitu du kluba fitxaketaren bat egin ala ez aztertzen ari dela argitu du: “Gaur-gaurkoz, fitxaketen merkatuan mugitzea ez da batere erraza, baina sor daitezkeen aukerak hurretik jagongo ditugu”.
Olaetak aurreratu modura, Fernandezek nabarmendu du Pas Giannina taldearen jokoari buruzko informazioa lortzea “ia ezinezkoa” izan dela: “Hainbat bidetatik saiatu gara, baina ez dugu lortu; are gehiago, guri buruzko informazioa beraienarengatik trukatzea ere proposatu diegu. Beraz, beren jokalarien bakarkako azterketa egin dugu, egin dezaketen jokoa zein litzatekeen irudikatzeko”.
Lucas Fernandez: “Pas Gianninak ondo daki aurrekanporaketa jokatzea zer den, ezin ditugu egoera horretan gutxietsi; umiltasun osoz baina erabateko ausardiaz jokatuko dugu”
Hautagaitzaz.
Faborito izateak gutxi ardura dio entrenatzaileari, hautagaitza hori “kantxan frogatu” behar dela baitio: “Beraiek ondo dakite aurrekanporaketa jokatzea zer den, eta ezin ditugu egoera horretan gutxietsi; umiltasun osoz baina erabateko ausardiaz jokatuko dugu. Taldeak bizi duen egoeraren aurrean, bere bertute nagusi biak plazaratu behar ditu: erresilientzia eta moldagarritasuna. Argi dugu ezin ditugula gure aukerak Malosteko partidura hipotekatu, eta bi neurketetan dena eman asmoz kantxaratuko gara, eskura ditugun baliabide guztiak baliatuz eta, batez ere, ahalik eta defentsa sendoena antolatuz”.