460 mendizaleren topagune izan da Gautegiz Arteagako mendi martxa
460 martxalari elkartu zituen Gautegiz Arteagako mendi martxak, antolatzaileen aurreikuspenak betez. Jendetza bildu zuen domekan, eta "giro aparta" nagusitu zela ondorioztatu dute antolatzaileek.
Kirola, mendia, famili giroa, lagunartekoa… Denetariko osagaiak batu eta uztartzen dituen hitzordua da Gautegiz Arteagako mendi martxa. Eguraldia lagun, domekan (irailak 14) 460 mendizale elkartu ziren udalerrian, antolatzaileen aurreikuspenak betez eta gaindutuz. Hala, “giro paregabea” izan zela nabarmendu dute.
Beste behin, Gazteluzar Txokoa martxalarien epizentro bihurtu zen, bertan kokatu baitziren antolatzaileak prestatu zituzten ibilbide luzearen eta laburraren irteera eta helmuga eremuak. Ibilbide luzeak 17 kilometroko tartea eduki zuen, eta zazpi, berriz, ibilbide laburrak. Hala ere, ibilbideek ez zuten inongo zailtasun teknikorik izan. Baina bi ibilbideen artean, jendetza gehien batu zuena ibilbide laburra izan zela diote antolatzaileek: “Familia giroa nagusitu zen ibilbide laburreko parte hartzaileen artean, zazpi kilometroko bidea egokiagoa baita eurentzat”.Ā
Hala, denek ala denek herri inguruak ezagutzeko aukera ederra izan zuten, padurak zeharkatuz zein barnealdeko bideetan barrena oinez eginez. Ibilbide luzeko mendizaleek Tremoiarako biderantz joan ziren, handik Akordara zuzenduz. Akorda atzean utzi ostean, artadian barrena murgildu ziren, Isla auzora iritsi arte. Handik, paduran bete-betean sarturik ailegatuko ziren irteera hartu zuten tokira. Laburreko parte hartzaileek, berriz, Gaztelubide bidean barrena egin zuten martxaren lehendabiziko zatia, Agirretatik Portura joateko, eta handik San Lorentzorako bidea hartzeko eta irteera markara ailegatzeko.
Orokorrean, giro ona nagusitu zen domekan Gautegiz Arteagan, adin guztientzako topaleku bihurtu baitzen udalerria. “Denak batzeko eta elkarregaz egoteko aukera ona da mendi martxa”.
Argazkiak: Txebi Arriaga