NA eta pasaportea berritzeko aldizkako zerbitzua hilabeteroko hirugarren eguenetan izango da
Urritik aurrera abiatuko da Gernika-Lumon Nortasun Agiria eta pasaportea berritzeko aldizkako zerbitzua, udaletxe aurrean. Hilabeteroko hirugarren ostegunetan, 09:30eatik 13:00etara erantzungo du zerbitzuak, eta herrian erroldatuta daudenentzat bakarrik izango da.
Gernika-Lumoko Udalak administrazio-kudeaketa herritarrengana «hurbiltzeko apustua indartzea» erabaki du. Jakinarazi dutenez, NA eta pasaportea berritzeko aldizkako zerbitzua abian jarriko dute urritik aurrera. Ekaineko eta iraileko esperientzien ondoren, Espainiako Polizia Nazionalaren bulego mugikorra «modu egonkorrean» jarriko dute; hilero, hirugarren eguenetan egin ahalko dira izapideak, udaletxearen aurrean. Urrian hasiko dira zerbitzu hori eskaintzen, eta Gernika-Lumon erroldatuta daudenentzat bakarrik izango dela argitu dute.
Aurreko bi aldietan zerbitzuak izandako «harrera ona» nabarmendu dute udal ordezkariek: «Lehenengo aldietan harrera ona izan zuen neurriak; herritarren eskaera gero eta handiagoari erantzuten dion zerbitzua da, eta joan-etorririk egin beharrik gabe oinarrizko izapideak errazteko udalaren konpromisoa indartu egiten du».
09:00etatik 13:00etara bitarteko ordutegian egin ahalko dira izapideak, eta 12:30ean itxiko dira hitzorduak: «Dokumentuak berritzeaz gain, NA elektronikoaren ziurtagiri digitala doan aktibatzeko aukera emango du, eta hori gero eta beharrezkoagoa da Internet bidezko izapideak egiteko».
Hitzorduak aldez aurretik eskatu beharko dira. Horretarako, udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzura joan (HAZ) edo 94-627 02 00 telefonora deitu beharko da. Kostu ofizialak bere horretan mantenduko dira: 12 euro NAren kasuan eta 30 euro pasaportearen kasuan. Kudeaketa egiteko unean, eskudirutan ordaindu ahal izango da.