Mediku falta salatu du Eako Udalak Arartekoaren aurrean, eta mobilizatzera deitu ditu herritarrak
Udako egun gehienetan ez da medikurik egon Eako kontsultategian: uztailean 5 egunetan izan dute medikua eta abuztuan 9 egunetan. Irailaren lehen hamabostaldian ere ez da medikurik egon. Eako Udalak egoera salatu du Arartekoaren aurrean, eta herritarrei euren eskubideen alde egiteko deia egin die.
Udako egun “gehien-gehienetan” ez da medikurik egon Eako kontsultategian, eta udalak neurriak hartu ditu, egoera Arartekoaren aurrean salatuz eta herritarrei euren osasun eskubideen alde egiteko dei eginez. Izan erre, lehen arretaren “gainbeherak ez daukala etenik” ikusita, mobilizatzeko deia egin die herritarrei.
Osasun zerbitzu publikoa “hondoa jota” zegoela uste zuten, baina azken hilabeteetan egoera “are gehiago okertu” dela diote. Ze, udalak jakinarazi du, udan, herrian inoiz baino jende gehiago biltzen denean, medikurik barik egon direla egun gehienetan: uztailean 5 egunetan izan dute medikua Eako kontsultategian, eta abuztuan 9 egunetan. Irailaren hasieran, gaineran, hilaren lehen hamabostaldian ere ez zela medikurik egongo jakin zuten.
“Tamalez, ohikoa bihurten ari da herri txikietan medikurik barik egotea, edo osasun bajan zein baimenagaz dauden medikuak ez ordezkatzea. Bistan da egoera honek herritarrengan izan ditzakeen ondorioak: gaixoen osasun egoerak okerrera egiteaz ez ezik, hil ala bizikoak izan daitezkeen gaixotasunen diagnostikoa atzeratzea eragin dezake”, adierazi dute udaletik. Baina, herritarrengan izan ditzakeen ondorioez gain, medikuengan ere baduela eragina uste dute: “Estres iturri izan daiteke eta profesionalak mediku baja hartzeko eskubideari muzin egotera behartuta senti daitezke”.
Eta, egoera hau ez dela berria gogoratu dute, azkeen urteetan egin diren salaketak eta mobilizazioak gogoratuta: “Hainbat urte daramagu herrian eta Lekeitioko anbulatorioan Osakidetzaren gainbeheraren lekuko izaten: lehen arretako medikuen falta, ginekologia zerbitzurik eza, pediatren gabezia edo pazienteen hizkuntza eskubideak urratzea txitean-pitean bizi izan ditugu”. Eta, horren aurrean, sarri mobilizatu dira, herrian zein Lekeition, Ispasterreko, Mendexako, Amorotoko, Gizaburuagako edota Aulestiko herritarrekin batera.
Erakundeetatik ere bideratu dituzte aldarrikapenak, eta Lekeitioko osasun zentrora joaten diren herritarren herrietako ordezkariak ere bildu ziren aurreko Osasun sailburu Gotzone Sagarduigaz, joan den urteko ekainean. “Sei udaletako ordezkariak joan ginen Lakuraino eta orduko sailburuak bideokonferentziaz hartu gintuen; konponbiderik ez zigun eskaini eta Osakidetzako murrizketarik ez dagoela esan zigun, gainera”.
Osasun pribatua.
Hala, medikurik barik egoera, “gero eta ohikoagoa” bihurtu dela uste dute, eta Osakidetza “ahulduz doan bitartean”, kezkaz ikusten du Eako Udalak osasun aseguru pribatuen gorakada. Jakitera eman dute, Eustaten datuen arabera, 2015etik 2023ra bitartean %23 hazi da osasun aseguru pribatua duten bizkaitarren kopurua. “Pentsatzekoa da azken bi urteetan ere joera mantendu edo nabarmendu egingo zela. Eta penagarria da erakunde publikoek herritarrei beste biderik ez eskaintzea. Izan ere, batetik, joera honek desberdinkeria areagotzen du, eta, bestetik, osasun publikoa are gehiago ahuldu eta estigmatizatuko du”, gehitu dute udal ordezkariek.
Herri txikien ikuspegitik, egoera hori “galbidea” baino ez dela diote, osasuna ere errentagarritasunaren arabera neurtuz gero, bezero gehiago dagoen eremuetara jo beharko baitute zerbitzu bila. Ondorioz, “nahikoa dela” esateko unea ailegatu dela uste dute: “Egoera publikoki salatzeaz gain, udalak Arartekoan aurkeztu du kexa. Baina, inoiz baino beharrezkoagoa delakoan, herritarrei dei egin nahi diegu gure osasun eskubideen alde mobilizatzera”.