Berritasunekin betetako Mendatako 27. Nekazal Azokaz gozatu dute
Mendatako 27. Nekazal Azoka. Ander Guerrero Mendatako Nekazal Azoka herritarrek dagoeneko egutegian finkatuta duten hitzordua da. Aurten, gainera, azokaren 27. aldiak berritasun handi bat hartu du beregain. Izan ere, barikuan, Eoalak Elkarteak antolatuta Euskal Oiloaren Lagunen lehen topaketa egin zuten. Domekan izan zen, ordea, egun handia; urtez urteko giro ona mantendu zen herrian, besteak beste, Euskal Oiloaren egunean. Janariaren 19 postuk eta artisauen 18 postuk bete zuten herria, eguraldia aldeko izan zuten egunean. Artape aurrean, besteak beste, ortuariak, txakolina, gazta eta esnekiak, ogia, eztia edota barazki kontserbak erosteko aukera ahalbidetu zuten, eta 11:30ean, urtez urte hainbesterako arrakasta izaten duen talo tailerrean parte hartu zuten hainbat jendek.