Santa Kurtze jaiak ospatzeko prest daude
Muxikako Ariatzan eta Errigoitiko Bizkaiganen dena prest dute udazkenari ongietorria ematen dioten jaiak ospatzeko.
Udari amaiera emateko prest daude Busturialdean, eta era berean, udazkenari ongietorria emango diote, Santa Kurtze edo Aitxe Kutz jaiak ospatuz. Horrela, Muxikako Ariatza, eta Errigoitiko Bizkaigane jai giro herrikoian murgilduko dira datozen egunotan. Ariatzan, bost egunekoa izango da egitaraua, bi asteburu uztartuz. Errigoitin, ordea, domekakoa izango da egun berezia; Bizkaigane Eguna ospatzeko bilduko dira.
Oraingoan ere, denetariko egitarauak prestatu dituzte Santa Kurtze jaiak ospatzeko asmoz. Zapatuan emango diete jaiei hasiera Ariatzan, esaterako; izan ere, 20:15ean pregoia eta txupina jaurti, eta bakailao janarekin apainduko dute gaua. Porra txapelketa izango da biharko aurreikusitako azken hitzordua. Adierazi dutenez, izen ematea 3 eurotan egin beharko da, eta lau sari edukiko dituzte irabazleen zain: Lehenengo saria 50 euro eta zapia izango dira; bigarrena, 25 euro eta gazta bat; hirugarrena, 15 euro eta Itsasmendi botila bat; eta azkena, 10 euro eta Itsasmendi botila bat.
Domekan izango da santuaren egun handia. Santa Kurtze eguna ospatuko dute, eta musika, txapelketak eta jana uztartzeko prest daude dagoeneko herritarrak. Briska txapelketan ere, zelan ez, porra txapelketan bezala, sariak izango dira. Lehenengo bikote saridunak bildutako diruaren %50 eta txapelak eskuratuko dituzten heinean, bigarren bikoteak bildutakoaren %25 eta gazta eskuratuko dituela aurreratu dute. Hirugarren postua eskuratzen dutenei, halaber, bildutako diruaren %15 eta Itsasmendi botila bat emango diote, eta azkenik, laugarren postua lortzen dutenei, bildutakoaren %12 eta beste Itsasmendi botila bat.
Bi asteburutan banatuta
Urtero legez, bi asteburutan banatuko dituzte Santa Kurtze jaiak ariatzarrek, eta beraz, domekako egitarauaren ostean, bost eguneko etena egingo dute, zapatuan berriz giroa berpiztu arte. Egun horretan, herriko kuadrillen arteko paella janaz edota bertso saioaz baliatuko dira. Aditzera eman dutenez, Asier Galarza ariatzarra eta Ibai Amillategi eta Aitor Etxebarriazarraga gernika-lumotar bertsolariak izango dira horretan protagonista, eta jarraian, karro-parrandak hartuko du iluntzea girotzeko testigua. Ariatzarrentzat zinez berezia izan ohi den hitzorduarekin bat egingo dute, datorren domekan, irailaren 21ean: Saragiaren hiletarekin. Herritar guztiak bilduko dira plazan, beste behin.
Errigoitin tradizioari tinko eutsiko diote, beste behin, urteroko egitarauarekin bat eginez, Bizkaigane Eguna ospatzeko. Egun hori ospatzearen helburua argi dute errigoitiarrek: hildako gudariak oroitzea. Horretarako, beti bezala, mezaz gain, eguerdian bertsolariak izango direla aurreratu dute, eta ondoren, ardi txakurren lehiaketan murgilduko dira.
ARIATZA (MUXIKA)
Bihar
20:15. Pregoia eta txupin
jaurtiketa.
20:30. Bakailao jana.
22:30. Porra txapelketa.
Etzi
11:00. Meza nagusia, herriko abesbatzagaz.
Ostean. Pintxoak.
14:30. Herri bazkaria.
18:00. Briska txapelketa.
Astelehena
12:00. Arimen aldeko meza, herriko abesbatzagaz.
Ostean. Pintxoak.
Irailak 20, zapatua
15:00. Herriko kuadrillen arteko paella-jana.
19:30. Bertso saioa: Asier Galarza, Ibai Amillategi eta Aitor Etxebarriazarraga.
Ostean. Musika; karro-parranda.
Irailak 21, domeka
11:00. Meza nagusia, herriko abesbatzagaz.
Ostean. Ibarruriko Baso Txoritxu Dantza Taldearen
emanaldia.
13:30. Saragiaren hileta.
BIZKAIGANE (ERRIGOITI)
Etzi
11:30. Meza.
Ostean. Bertsolariak.
13:00. Ardi txakurren lehiaketa.