Hiru egun, hiru ikuskizun
Barikuan [irailak 12], zapatuan [irailak 13] nahiz domekan [irailak 14] goi mailako zaldi probak hartuko ditu Nabarnizko probalekuak, 55. Nabarnizko Zaldi Proba Txapelketa tarteko.
Badira zaldi probak modu berezi eta intentsoagoan dastatzen dituzten herri edo inguruak; horietako bat, zalantzarik gabe, Nabarniz litzateke. Nabarnizko Zaldi Proba Txapelketak mende erditik gorako bidea egin du. Hain zuzen ere, asteburu honetan 55. ekitaldia egingo dute herriko probalekuan, eta ikusleak bertaratzera deituak daude. Iluntzar Jai Batzordeko antolakuntzak, udalaren zein Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundearen laguntzagaz, goi mailako egitaraua prestatu du, zaldi proben jarraitzaileen gozamenerako.
Bihar [irailak 12], 20:00retan hasiko da ikuskizuna, eta parte hartze lea-artibaitarra plazaratuko da: alde batetik, Markina-Xemeingo Gaztañegi; bestetik, Etxebarriko Irubide. Biak ala biak kinttopeko parte hartzaileak izango dira. Barikuko sarrera 10 eurokoa izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Hala zapatuan, nola domekan, hiruna parte hartzaile ariko dira zein baino zein gehiago. Zapatuan, gainera, eskualdeko ordezkaritza aparta egongo da: Maider Uriarte kortezubitarra (kinttopekoa) eta etxeko izarra, Nabarniz Jatetxea, izena emanda daude; horiekin batera, Guriezoko (Kantabria) Fermin Santamaria ariko da lehian. Azken biak maila nagusi9koak dira. 21:00retan ipiniko dute abian ikuskizuna.
Domekan, 18:00retatik aurrera, Santamariak errepikatu egingo du, baina beste arerio biren aurka: Zallako Enkarterri Turf Power eta Busturiko Angel Txertudi, iazko garaileetako bat. Hirurak maila nagusikoak dira. Zapatuko eta domekako sarrera 15 eurokoa izango da.