Berritasunagaz dator Mendatako 27. Nekazal Azoka
Barikuan [irailak 12] Euskal Oiloaren Lagunen lehen topaketa egingo dute Artape Jatetxean.
Mendatako Nekazal Azoka egutegian finkatuta dagoen hitzordua da. Aurten, berriz, berritasun handi bategaz helduko da. Hain zuzen ere, domekako [irailak 14] 27. azoka baino lehen, Eoalak Elkarteak antolatuta Euskal Oiloaren Lagunen lehen topaketa egingo dute. Barikuan [irailak 12] izango da, 19:30etik aurrera, Artape Jatetxean. Bertan, euskal oiloen arrautza eta bertoko txakolinaren dastaketa egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Egun handia domekakoa izaten jarraituko du: Euskal oiloaren eguna. 09:30etik aurrera Euskal Oiloaren erakusleiho informatiboa jarriko dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, hegaztien arteko gaixotasuna dela eta, aurten ez dute Euskal Oiloaren erakusketa edo salmentarik egingo. Faltako ez direnak umeentzako puzgarriak izango dira, baita gero jaterakoan hainbesteko arrakasta izaten duten taloak zelan egiteko tailerra egingo dute 11:30ean.
11:00etan hasiko dira burduntzian egindako txerri pintxoen tiketak saltzen, tiketak amaitu arte. Izan ere, 12:30ean hasiko dira pintxook banatzen eta gogoratu dute tiketagaz ordaindu ahalko direla bakarrik. Hain zuzen ere, bildutako dirua leiomiosarkoma gaixotasunaren ikerketarako Enarak behar zaitu ekintza solidariorako bideratuko dute. Azkenik, 13:00etan, idi proba saioa eskainiko dute, batetik, Busturiko Paresi auzoko Iturbe Anaiek eta, bestetik, Derioko Aurrekoetxeak.
Askotariko postuak
Horrez gain, hamaika postu jarriko dituzte Artape inguruan. Guztira janarien 19 postu jarriko dituzte eta artisauen beste 18, zelan ez, ez da txosnarik faltako. Artape aurrean, besteak beste, ortuariak, txakolina, gazta eta esnekiak, ogia, eztia edota barazki kontserbak erosi ahalko dira. Artisauei dagokienez, askotarikoak egongo dira salgai, osagarriak, eskulanak, zeramika edota margoak, esate baterako.