"Pentsiodunen mugimenduak ez du etsiko, eta erantzun egingo dugu"
Gizarte Segurantzaren gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldataraino osatzeko Herri Ekimen Legegilea izapidetzearen aurkako txostena argitaratu du Eusko Jaurlaritzak, eta horren aurrean Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua ez da isilik geratu. Bide batez, gaur berrabiarazi dituzte hilabeteroko kontzentrazioak, 74 pentsiodun bilduz.
Argazkia: Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua. Gizarte Segurantzaren gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldataraino osatzeko Herri Ekimen Legegilea izapidetzearen aldeko eskaria egiten jarduten du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, sinadurak bilduz, kaleetara ateraz, eta hitzaldiak emanez, besteak beste. Eusko Jaurleritzak, bere aldetik, horren aurkako txostena argitaratu du, eta EHPMak adierazi du, gobernuaren jarrerari buruz dituzten “itxaropenik txarrenak” betetzen ari direla.
“Engainatuta” sentitzen dira, eta argi esan dute. Horren ildotik, honakoa azaldu dute: “Lehenik eta behin, uztailaren 17ko bileran esan zitzaigun bezala, txosten juridikoa izan beharrean, aurkezten zaigun txostena inolako zehaztasunik eta daturik gabeko txosten politikoa da, Pentsiodunen Mugimenduak HELrekin batera iazko irailean aurkeztutako txostenarekin bat ez datorrena. Bigarrenik, herriaren parte-hartze politikorako bide bat eskaini zaigu, EKren 23. artikuluak eta EAk, era guztietako ahaleginak eta prozedura nekeza eta garestia eskatu eta erakunde sindikal guztien, ehunka erakunde sozial eta feministaren eta 145.000 sinadura baino gehiagoren babesa sustatu dutenak”.
Euren hitzetan, ekimenari “karpetazoa” eman nahi diote, eta era berean, “izapidetzeko eta Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeko eskubidea ere ukatuko dute”. Ze, gaineratu dute Eusko Jaurlaritzak agerian utzi duela “demokrazioa eta justizia soziala indartzeari buruzko diskurtsoak propaganda hutsak baino ez direla”.
“Txosten hori ez dator bat eskumen propioa duen legegintzako herri-ekimen bat izapidetu eta eztabaidatu ahal izatearekin; emakumeekin izandako bidegabekeria historiko bati erantzuten dio, eta adinekook independentzia eta nahikotasun ekonomikoa izateko beharrari”, argudiatu dute pentsiodunek.
Aldarrikapenak
Eusko Jaurlaritzak esan duenez, pentsiodunen babesa Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak bermatzen ditu 2008tik, baina EHPMko kideak ez daude ados: “Ez du esan jasotzaile independente batentzat lanbide arteko gutxieneko soldataren % 100 zen berme hori 2019an baliogabetu zela, gastu sozialak murrizteko politiken barruan. Eusko Jaurlaritzak esan du ezin dela banakako osagarririk onartu bizikidetzaunitatearen diru-sarrerak kontuan hartu gabe, baina ez du esan aurrezki-politika horren ondorioz pentsio txikienak dituzten emakumeek ezkontideen edo izatezko bikoteen mende egon behar dutenik”. Horregatik, pentsiodun bakoitzak bere “bizikidetza-harremanak alde batera utzita errenta nahikoa izateko duen eskubidea” aldarrikatzen dute.
Halaber, aditzera eman dute agerikoa dirudiela EAJk eta PSE-EEk herritarren parte-hartzearen aurkako harrapaketa hori ahalik eta azkarren burutzea erabaki dutela. Baina, pentsiodunen mugimenduak “ez du etsiko”; eta “erantzun egingo dute”. Alegia, gaur (irailak 8) berrabiarazi dituzte hileroko kontzentrazioak, horretan 74 pentsiodun bilduz, eta esan dute, mobilizazioren bat zein beste ere antolatzen ari direla.