Mende erdia ez delako egunero betetzen
Mundaka Arraun Taldeak 50. urteurren jaialdia ospatu zuen iragan zapatuan [irailak 6]. Talde bazkarian 200 lagun inguru bildu ziren. Klubak jaia "bikain" joan dela azpimarratu du.
Talde bazkaria, Isla Kale kiroldegian.Mundaka Arraun Taldea Mundakako Arraun Taldea 50 urteko ibilbidea ospatzen ari da aurten, eta ibilbide hark gailurra eduki zuen iragan zapatuan [irailak 6], klubaren sorterrian. Elkartekideek egun osoko ospakizun jaialdia atondu zuten, taldean dabiltzan nahiz ibilitako kideekin, jarraitzaileekin eta herritarrekin mende erdiko mugarriaz gozatzeko. 11:15ean ipini zuten hitzordua, arraun taldearen egoitzan. Lehorretik itsasora jauzia egin, eta esprint modalitateko lagunarteko estropada egiteko bildu ziren zahar zein gazte.

Argazkia: Mundaka Arraun Taldea.
Taldeko antolatzaileak oso pozik azaldu dira mundakarrek eta zaleek erakutsitako jarreragaz eta ospakizunari emandako erantzunagaz; hain zuzen ere, lau estropada bete zituzten, eta “jai giroan” jokatu zuten estropada mistoa. Olatu artetik kale artera igarota, Katius-K Zabal Band taldea arduratu zen eguerdia girotzeaz; kalejiraren aldartean eta musika lagun, Isla Kale kiroldegirainoko bidea egin zuten, bertan talde bazkari herrikoian biltzeko. Taldetik “garrantzitsutzat” jo dute bazkalorduan 200 lagunetik gora elkartu izana: “Mundaka moduko 1.800 biztanle inguruko udalerri apal batentzat, benetan esanguratsua da bazkaritarako hainbeste lagun biltzea; horrek aditzera ematen du Mundakan badagoela gauza handiak egiteko gai den elkarte sendo bat“.

Argazkia: Mundaka Arraun Taldea.
Arratsaldean, ekitaldi hunkigarria egin zuten, taldean ibilitako partaide denen eta egun dabiltzanen omenez. Ostean, ospakizunak ez zuen etenik eduki: Rocktonics taldeak zuzenko musikagaz girotu zituen iluntzea eta gaualdia, egitaraua biribilduz. Urteurren jaialdiaren balorazio “oso positiboa” eginda, aurrerantzean proiektuei heltzeko eta lanerako prest agertu da taldearen zuzendaritza: “Mundaka egun osoan musikaz alaituta eta giro oso sanoagaz jantzia agertu da, eta horrek balio erraldoia dauka. Omenaldi jaiak taldea motibazioz eta gogoz bete du, etorkizun hurbilean proiektu politak egiten jarraitu ahal izateko”.