Erakustaldi baten isla: Ibai Urrutia eta Raffaella Ciavola, Mendatan garaile
Ibai Urrutia Arandia belendiztarra eta Raffaella Ciavola di Girolamo gasteiztarra gailendu dira XIX. Mendata Ezagutuz mendi maratoian. Lasterketak eta mendi martxek 400 lagun inguru elkartu dituzte, eta antolakuntzak aurtengo aldiaren "irakurketa aparta" egin dute.
XIX. Mendata Ezagutuz mendi maratoiko podiuma.Mendata Ezagutuz XIX. Mendata Ezagutuz mendi maratoiak dominatzaile argi eta garbiak eduki zituen domekan [irailak 7]. Lasterketa sobera ezagutzen duten lasterkari bi, Ibai Urrutia Arandia belendiztarra eta Raffaella Ciavola di Girolamo gasteiztarra, burutik buru nagusitu ziren eskualdeko mendi bideak gurutzatzen dituen proban, eta malgutasunez irabazi zuten proba. Mendata Ezagutuz ekimenak 400 lagunetik gora elkartu ditu aurten, lasterketa eta profil denetara egokitutako mendi martxak aintzat izanda. Antolatzaileak “pozarren” azaldu dira mendizaleek egitasmoari beste behin emandako erantzunagaz, eta domekako aldarte “ederra” nabarmendu dute: “Giroa ez zen soilik mendira mugatu; herrian jai usaina nabaria zen, eta guztia prestatu modura atera zitzaigun”.
Mendatarren laguntza zein inplikazioa azpimarratuta, aditzera eman dute aurtengoa atontzea “erronka polita” izan dela: “Ñabardura oro jagotea gustatzen zaigu, hala nola, anoa postuetan denetatik egon dadila, bidezidorrak garbi egon daitezela, eta abar luze bat. Jasotako iritzi nahiz iradokizunek erakusten digute aurten ere asmatu dugula eta, hortaz, badugu motiborik pozik egoteko”. Parte hartzaileetako zenbait, giro onaren erakusle, bazkaritara geratu ziren, probak behin burututa.
Mendi maratoia izan zen eguneko menuari gatza eta piperra ipini zizkion osagaietako bat. Izan ere, eskualdeko korrikalaririk puntakoenetako batzuk ageri ziren izena emandako 30 lagun inguruko irteera zerrendan, baita urrunagotik bertaraturikoak ere; horietatik entzutetsuenetako bat izan zen urteak joan, urteak etorri Mendatako lasterkari historikoetako bat izatera iritsi den Ciavola. Arabarra, beste ekitaldi batez, nahieran nagusitu zen Arrola, Kanpona edota Oizko gailurrak barnebildu zituen ibilbide itogarri baina bizkorrean. Lanak 04.52.35ean biribilduta, denbora arrakala azpimarragarria zabaldu zuen bigarren sailkatu Ireder Angulo Elexpe munitibartarrarekiko (05.16), eta are esanguratsuagoa emakumezkoen podiuma osatu zuen Ziortza Barruetabeña Erdaide gernika-lumotarrarekiko (05.37).
Gizonezkoen lehian ere, Urrutiak hamargarren kilometro inguruaz geroztik bere legea ezarri zuen. Lehen txanpa hartan, Arrolape Mendi Klubeko bere taldekide Paul Goitisolo Otazua gernika-lumotarra izan zen aurpegia erakutsi ahal izan zion bakarra. Arrola inguruan geratu zen belendiztarra lasterketa buruan bakarrik eta, handik helmugara bitarte, indarrak kudeatu baino ez zuen egin behar izan. Azkenean, “uste baino denbora marka hobeagaz” helmugaratu zen arrolapetarra: 03.27.53koagaz. Goitisolok 03.40.52an gelditu zuen erlojua, eta hirugarren postua, berriz, David Alvarez Uriarte galdakoztarrarentzat izan zen, 04.16.33ko erregistroa eginda.
Ibai Urrutia Arandia: “Abuztu hasieran orkatilan min hartuta ibili nintzenez, ez nekien nire benetako maila zein izango zen, baina azkenean oso gustura aritu naiz”
Bakarkako esamina.
Urrutia “harrituta” geratu zen edukitako sentsazioekin: “Abuztu hasieran orkatilan min hartuta ibili nintzenez, ez nekien nire benetako maila zein izango zen, baina azkenean oso gustura aritu naiz; gainera, Mendatan lortutako denborarik onena nabarmen hobetzea ere polita da”. Lehen zatitik bere erritmoa ezarri zuela azaldu du garaileak eta, behin Goitisolo atzean lagata, “errenta kudeatzen” ahalegindu zela. Halaber, Mendatako azterketa garrantzitsua izan zen Urrutiarentzat: “Aste bi barru Mañaritik Atxetara mendi maratoian ariko naiz; Mendatako ibilbidea bestelako izanagatik ere, gogotsu nengoen neure gorputzaldiari kalitatezko azterketa bat egiteko, eta azkenean eska nezakeen notarik onenagaz gainditu dut”.

Zubizarreta, oroigarria jasoz. Argazkia: Mendata Ezagutuz.
Aipagarria izan zen, bestalde, antolakuntza lantaldeak Pilar Zubizarreta Arbe herrikideagaz edukitako keinua. Zubizarreta, hain zuzen, udalerriko mendi martxan “bai ala bai aritu izan den mendizaleetako bat” da, eta hark egindako ekarpenak omendu zituzten domekan, garaileekin batera podiumera igoz eta oroigarra jasoz.