"Garrantzitsuena mezua bera da, eta ez pregoilaria"
Xsakara da aurtengo Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako pregoilaria. Bozketa bidez hautatu dute bermeotarrek egiteko hori bere esku uztea; bozketen %41,5 jaso du musikariak, alegia, 266 boto.
Argazkia: Aitor Arrizabalaga. Xsakara izen artistikoz ezagun den Xabier Gutiez musikaria izango da aurtengo Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako pregoilaria. Bermeotar gaztea izango da, Nadia Nemeh herriko alkateagaz batera, jaiei hasiera emateaz arduratuko dena.
Espero al zenuen pregoilari izateko bozketan sartzerik?
Ezta inondik inora ere. Udaletik galdegin zidaten ea bozketan sartzea interesatzen zitzaidan, eta, noski, baiezkoa eman nien. Hori bai, ez nuen boto gehien nik jasotzerik aurreikusten. Egia esan, nire jomuga artistikoa pregoilari izatea ez denez, hasiera batean ez zidan arreta handiegirik deitu; denborak aurrera egin ahala, baina, horrek suposatzen duen ohore handiaz kargutu naiz.
Zein izan da iritzi aldaketarako kausa?
Bada, herritarrak eurak: jende pila batek gelditu nau kalean, nigatik pozten direla esateko. Hainbesterainoko zorion agurrak eta keinu atseginak jaso ondoren, konturatu naiz egiteko polita dudala aurretik. Alde batetik, bermeotar modura oso pozarren egoteko moduko zer edo zer da; bestetik, herriari zor zaion errespetuagatik ere aintzat hartu beharreko zerbait da.
“Pregoia botatzeko ardura hau suertatu zaidanetik, kargutu naiz jaiak niretzat benetan zein garrantzitsuak diren”
Eta hasia al zaude egiteko hori prestatzen?
Bai eta ez. Berez, oraindik ez dakit esango dudana zehatz-mehatz zer izango den, ez baitut ezer espreski prestatu. Edozelan ere, adierazi gura dudanaren noranzkoa oso argi dut. Ez hori bakarrik: pregoia botatzeko ardura hau suertatu zaidanetik, kargutu naiz jaiak niretzat benetan zein garrantzitsuak diren.
Noranzko horren zertzeladaren bat edo beste ematerik ba al duzu?
Esate baterako, ez ditut ezelan ere ahaztuko mundu osoan gertatzen ari diren sarraskiak, bereziki, palestinar herria pairatzen ari den triskantza. Nire aldeko botoa eman duten bermeotar guztiei, bestalde, esker ona erakusteko ere aprobetxatuko dut, betiere gauza bat oso argi izanda: garrantzitsuena mezua bera da, eta ez pregoilaria. Europar eskuin muturraren oldarraldiaren kontrako mezua zabaltzeko asmoa ere badut. Bestalde, euskararen alde aldarri egitea ere zutabe izango da.

Zein zentzutan?
Batez ere, gazteei zuzenduz. Gazteak euskaraz mintzatzen ikusteak ilusio berezia sortzen dit, baina, horregaz batera, euskararen kale erabileraren datuak oso tristeak dira Bermeon. Horrenbestez, badago lanean segitzeko motiborik; belaunaldi berriak euskaratik eta euskaraz heztea nahitaezkoa da.
Zein esangura dute jaiek zuretzat?
Urteek aurrera egin ahala eta 30 urteak geroz eta hurbilago ditudala, hori are eta argiago dudan kontua izatera pasatu da. Herriko jaien ospakizun egitaraua bai egunez, bai gauez gozatu izan dudan arren, gaur egun berba bakarra datorkit gogora, jaiak definitzerakoan: lagunak. Izan ere, jaiak aspaldiko adiskideekin bat egiteko plaza bihurtu dira. Batzuk urrun bizi direlako eta besteak atzerrian lanean daudelako, jaietan topo egiten dugu. Funtsean, jaiak lagunekin berriro elkartzeko agertokia dira niretzat.
“Uda gogoangarria izan da: hiru hilabete inguruan, hogei kontzertutik gora eman ditugu han-hemen”
Zelako uda izan da aurtengoa, oholtzari dagokionez?
Uda gogoangarria izan da: hiru hilabete inguruan, hogei kontzertutik gora eman ditugu han-hemen. Ia-ia ez dugu atsedenerako tarterik eduki, ze, zuzeneko emanaldiekin batera, estudioko lana ere ez dugu albo batera utzi. Aurten kaleratutako abesti biekin batera (Yepa! eta Dena Emateko Prest), beste bi plazaratuko ditut, EP bat osatuz; lan horrek Patroye izena edukiko du, eta hilaren 24an kaleratuko da. Bermeon ardaztutako EPa izango da hurrengo hau. Sustraietara bueltatuko naiz: hip-hopera. Abesti batzuek asko edukiko dute alderdi pertsonaletik, eta beste batzuk aldakorragoak izango dira.
Eta zein asmo duzu aurrerantzean?
2026an proiektua hamargarren urtemugara ailegatuko da. Hortaz, LP berezi bat plazaratu gura dut, maiatz aldean kaleratuko litzatekeena. Sormenaren iturria ez zait lehortu, ideiaz blai dago, eta album horregaz hamar urteko bidea omenduko dut.