Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak, eztanda egitear
Irailaren 7tik 16ra bitartean urdinez jantziko da Bermeo. Eztanda egitear daude, alegia, Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. "Adin guztietako herritarrei zuzenduta eta gustu guztietarako egitaraua" antolatu du udalak.
Bermeoko jaien aurkezpena egin zuten, abuztuan. Badago udari amaiera jaien bidez ematea baino modu hoberik? Bermeotarrak horren testigu izango dira, beste urte batez, ze, egutegietan gorriz markatuta izan ohi dituzten egunak heltzear daude. Alegia, irailaren 7tik 16ra bitartean herriko kale eta plazan girotuko dituzten Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak ospatuko dituzte. Bermeoko Udaletik adierazi dutenez, “kulturaz, kirolez, gastronomiaz eta musikaz betetako” egunak espero dituzte, eta hori lortzeko asmoz, “adin guztietako herritarrei zuzenduta eta gustu guztietarako egitaraua” prestatu dute.
Tradizioari eutsiko diote Bermeon, eta jaien ezaugarri garrantzitsu bat mantenduko dute: jai parte hartzaileak bizitzea. Horretarako, Jai batzordeak egindako lana azpimarratu du Endika Etxebarria kultura zinegotziak: “Bermeoko jaien berezitasuna da herritarrek herriarentzat antolatutako jaiak direla. Horri esker, jai herrikoiak eta benetan parte-hartzaileak lortzen ditugu”. Txosna batzordea ere gogoan izan du zinegotziak, ze, gaineratu du, egiten duten lana “oso garrantzitsua” dela Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak “osatuagoak” izateko. Batzorde biak ala biak egiten duten “ahalegina eta lana” goraipatu du, beraz.
Urtez urte jaiak geroz eta inklusiboagoak izatea da udalbatzaren helburuetariko bat, oro har. Hori lortzeko bidean, gainera, aurrerapausoak ematen ari dira dagoeneko. Aurten, esaterako, herritarren eskakizun ugarien aurrean, su artifizialen eta Xixiliren doluzko ibilbidearen ordutegiak aurreratu dituzte; 21:30ean izango dira. Halaber, “barraka isilak mantendu” egingo dira zenbait egunetan. Jaien hasierarekiko, “iaz hasitako bideak jarraipena” izango duela ohartarazi du udalak: “Xixili 19:45ean irtengo da balkoira, eta 20:00etan izango da alkatearen pregoia”.
Hildo beretik, herritarrek aukeratu bezala, Xsakara izango da 2025eko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako pregoilaria; 266 boto jaso ditu musikariak. Azaldu dute, baina, aukeraketaren finalisten artean Spookypheria Productions eta Alkartasuna Dantza Taldea ere egon direla, “herriari egiten dioten ekarpenagatik”.
Jaiak berez irailaren 7an hasten diren arren, martxa hartzeko aukera izango dute nahieran herritarrek. Hala, bihar (irailak 6) Txosnagunea zabalduko dutela jakinarazi dute udaletik: “Eguerdian txupina botako da, eta egun osoko egitaraua prestatu dute Andra Mari eta Santa Eufemia jaietarako motorrak berotzen hasteko”. Itsasoko eguna ospatzeko edota Bermeo Uria zesta puntako finalak jokatzeko ere biharko eguna baliatuko dute, besteak beste.
Almikako jaiak
Urtero bezala, Andra Mari eta Santa Eufemia jaien hasierak bat egingo du Almika auzoko jaiekin; irailaren 7an eta 8an ospatuko dira. Lehenengo hori baliatuko dute, besteak beste, Bemeoko jai handiek eztanda egiteko, Almikako jaitsierarekin batera. Hurrengo bi egunak ere “berebizikoak” dira bermeotarrentzat. Eta, aipamen berezia egin nahi izan dio Bermeoko Udalak Andra Mari egunari eta Arrantzale Egunari, “herriarentzat eta herritarrentzat berezitasun handi askoa baitute”.
Sukalki eguna lehiaketarik barik ospatuko dute aurten ere, baina udalak, sukalkia egitera animatu ditu herritarrak. “Egun osoko giroa egongo da Talan bertan. Suzko zezena antolatu da egun horretarako, eta eguna Laprast taldearen erromeriarekin amaituko da”, azaldu dute udal arduradunek. Esan bezala, tradizioarekin jarraituko dute bermeotarrek, eta horren erakusle izango dira Play Back txapelketa, Santa Eufemia bezpera, eta Santa Eufemia eguna.
Santa Eufemia bezperan (irailak 15) murgilduz, Bermeoko antzerki tailerrak Etxa Gatza antzezlana taularatuko du bi saiotan; 19:00etan lehenengoa, eta 21:00etan bigarrena. Buselektrikuek hamabost urte bete ditu aurten, eta urteurrena hoberen dakiten moduan ari dira ospatzen: antzezten. ‘Etxa gatza’ obra plazaratu zuten ekainean, hamabost urtetan egindakoa gogora ekartzeko ariketa gisa. Antzerkia kultura den heinean, herrietan horrentzako lekua izatea aldarrikatzen jarduten dute antzerki tailerreko kideek.
Gautxoria eta Puntu Morea
“Errespetuzko” jaiak nahi dituztela argi du Bermeoko Udalak. Ze, udal ordezkariek nabarmendu dute, “errespetua, danok ondo pasatzeko oinarria” da. Azken urteetan, hori lortzeko bidean, Bermibus Gautxoria jarri izan du udalak, eta aurten ere, horrekin jarraituko dute. Irailak 6, 9, 12 eta 13an egongo da Bermibus Gautxori zerbitzua, 00:00etatik 05:00etara bitartean. Ibilbide eta geltokiak honakoak izango direla zehaztu du udalak: Artzako biribilgunea, Adubidxe, San Migel, Ondarruburu kalea, San Andres bidegurutzea, Askatasun bidea, Ibarreta kalea, San Martin, Bizkaiko Jaurerria, Sanjuanportale, Tala, Aritzatxu bidea, Bizkaiburu kalea, udal azoka eta Txibitxiaga kalea. Bermibus Gautxoriak ibilbide zehatz bat izango duen arren, geltoki malguak eskainiko dituela gaineratu dute, “herritarrek horrela eskatzen baldin badute”.
Puntu Morea “Gautxoria dagoen egunetan” egongo da, liburutegi ondoan. Horren helburua “zalantzak argitzea eta laguntza eskaintzea” dela kontuan hartuz, mezua argi eta ozen zabaldu du Bermeoko Udalak: “Bermeotarren eta gurera datozenen segurtasuna bermatu gura da. Bizi ditzagun jaiak askatasunez, inongo erasorik barik!”.