Mundaka Arraun Taldearen mende erdiko ibilbideari omenaldia
Mundaka Arraun Taldeak 50. urtemuga jaialdia egingo du zapatuan [irailak 6]. Kideen lagunarteko estropada, talde argazki nahiz bazkaria eta kalejira antolatu dituzte, besteak beste.
Mundaka Arraun Taldearen 50. urtemugaren erakusketa, Tribisarrospen. Mundaka Arraun Taldeak mende erdiko ibilbidea bete du aurten eta, mugarri horri merezi duen mailako omenaldia egite aldera, egun osoko ospakizun jaialdia antolatu dute zapaturako [irailak 6], Mundakan bertan. Arraun taldearen kideak nahiz jarraitzaileak biltzeaz gain, urte luzez taldearen mesedetan lan egindako partaide ohiak omentzeko eguna ere izango dela argitu dute eta, horretarako, denetariko ekimenez jositako egitaraua atondu dute antolatzaileek.
11:15ean ipini dute biltzeko ordua, arraun klubaren egoitzan. Egunari hasiera emateko, sustraietara eta oinarrira joko dute: olatu artera. Klubeko kideek lagunarteko estropada egingo dute herriko uretan. Proba hori esprint erara lehiatuko dutela aurreratu dute, eta “denak denen aurka” ariko direla; 12:00ak aldera hasiko dira arraunean.
Uretatik aterata eta indarrak berrituta, klubeko parte hartzaile nahiz zaleen talde argazki erraldoia egingo dute, 13:15ean. Ostean, dezibelek eta jai aldarteak girotuko dute jaiadia, udalerriko kaleetan barrena; Katius-K Zabal Band arduratuko da kalejira goi-goitik ospatzeaz. Ondoren, 15:30ean, klubaren talde bazkari herrikoiaren txanda izango da, Isla Kale kiroldegian. Arraun taldetik iragarri dutenez, “200 lagun inguru” daude bazkaritarako izena emanda.
Arratsaldean, 18:30ean, omenaldi ekitaldia egingo dute, taldearen 50 urteko bidea gogoratzeko. 22:00etan, egitaraua biribiltzeko, zuzeneko musikak hartuko du berriro gaualdia; Rocktronics taldeak kontzertua emango du.
Mundaka Arraun Taldeak, egun “berezia” izango dela adierazita, egitarauaz gozatzeko bertaratzera deitu ditu mundakarrak: “Etorri daitezela egunaz gozatzera, eta klubaren mende erdiko urtemuga ospatzera”.
EGITARAUA
11:15. Arraun taldearen klubean hitzordua.
12:00. Lagunarteko estropada.
13:15. Talde argazki erraldoia.
13:30. Katius-K Zabal Banden kalejira.
15:30. Talde bazkaria.
18:30. Omenaldi ekitaldia.
22:00. Rocktronics taldearen kontzertua.