Iker Gonzalez: "Itsuki Irratia izango da % 100 euskaraz eta % 110 bermeotarra"
Bermeoko uhinetara bueltatu da Itsuki Irratia. Herriko irratiaren doinuak entzun daitezke dagoeneko FM 107.0 frekuentzian zein online bidez.
Iker Gonzalez Itsuki Irratiko kolaboratzailea.Itsuki Irratia Herriko ahotsa da Itsuki Irratia, 1985etik 2022ko otsailera bitartean Bermeoko euskararen eta kulturaren zabalkundea bultzatu zuena, errealitatea islatzeko tresna izan zena. Baina zailtasun ekonomiko eta teknikoek proeiktua bideraezin bihurtu zuten, irratiaren itxiera eraginez. Hala ere, bi urte eta erdiko isilaldia eta gero, iazko irailean, Kostarri Kultur Elkarteak hitzarmena sinatu zuen udalagaz irratia berreskuratzeko prozesua abian jartzeko. Ordutik, bidea ez da erraza izan, baina berpiztea posiblea izan da. Izan ere, atzo (irailak 1), Itsuki Irratia martxan jarri zuten berriro. Berrituta, sendotuta eta herriko eta eskualdeko kulturaren zein euskararen aldeko konpromisoagaz bueltatu da, komunitateari ikuspegi anitz batetik ahotsa emateko berriro. Hala, Itsuki Irratia FM 107.0 frekuentzian entzun daiteke Bermeon, eta online entzuteko aukera ere badago Itsuki.eus webgunean.
Itsuki Irratia martxan dago berriro, online zein FM bidez. Zer suposatzen du Bermeon herri irratia izateak?
Uste dut moemntu onean berreskuratzen dugula irratia. Ze, alde batetik, Itsuki Irratia itxi zenetik hori faltan sumatzen duten bermeotarrak daude, batez ere adin nagusikoak direnak, eta, bestetik, geroz eta anitzagoa den Bermeo daukagu, irratia martxan jarri zenetik asko aldatu dena. Beraz, Itsuki Irratia izan daiteke hizkuntzaren, kulturaren zein zeharkako balio ezberdinen transmisiorako bide bat. Hori da gure helburuetako bat, transmisio bide hori eraikitzea, eta uste dut horretarako momentu ezinhobean berreskuratuko dela irratia. Gainera, Bermeok daukan tamainarako beharrezkoa da irrati bat izatea; horrelako herri batek behar du irratia. Hori da komunikabiderik zuzenena, etxe guztietan erraz sartzen dena, eta gaur egun dauden baliabide ezberdinekin zabalkunde hori are errazagoa da gainera.
Ze, Itsuki Irratia ez da irratia bakarrik izango. Plataforma desberdinetan egongo da.
Irrati plataforma bat da. FM bidez entzun daiteke, baina bestelako edukiak ere izango ditugu, hainbat euskarritan banatuta. Irratia martxan dago eta hasiera berri honekin guztiz pozik eta ilusioz beteta gaude. Hala ere, irail honetan programazio berezia izango dugu, ohiko ordutegitik kanpo, gure proba teknikoak egin ahal izateko eta funtzionamendu egokia bermatzeko. Dagoeneko hasi gara eduki horietako batzuk zabaltzen gure sare sozialetan zein Youtuben, eta hala ariko gara, urrian irrati programazio zehatza jarri bitartean.
Eta, programazio horri buruz, zer aurreratu dezakezue? Saio berriak egongo dira?
Programa interesgarri berriak ditugu prestatuta, ze itxura aldaketa egin gura izan dugu. Egia da, horrek ikara ematen digula, ez delako lehengo Itsuki Irratia izango. Edukiko du lehengoaren zentzua, helburua, baina, ohi modura, denak aurrera egiten du eta bilakaera bat suposatzen du. Beraz, aurreko saioetatik tertulia mantenduko dugu, baina hori ere pertsona berriekin, ikuspuntu berriekin, eta oso interesgarria izan daiteke. Izan ere, ikuspegi anitzetatik jaiotako programa berriek osatuko dute programazioa. Egia da, oraindik hutsuneak ditugula hori osatzeko, baina joango gara gitxinaka-gitxinaka hori osatzen, modu mailakatu batean. Joango gara hilabete honetan zenbait xehetasun ematen.
Programazio zehatz hori urrian jarriko duzue martxan, baina bitartean zertan ariko zarete?
Irailean Bermeoko jaietara bideratuko dugu gure programazioa. Hala ere, dagoeneko grabatuta ditugun zenbait elkarrizketa zabaltzen joango gara, egunez egun. Bestalde, Lameran ere egongo gara jaietan, bi asteburuetan. Herritarrei ahotsa ematen saiatuko gara, eurei galdetzen zer nahi duten, zer ez, zelan ikusten duten Itsuki Irratia… Euren ahotsa entzun gura dugu. Eta horretan ibiliko gara. Gero, urrian, irrati baten ohiko funtzionamendua hartzen joango gara.
Bermeoko jaietan iaz ere egon zineten.
Lehenengo kontaktu bat egin genuen iaz, baina oraingoan eraikitako proiektu baten sendotasunagaz egongo gara kalean. Lehenengo kontaktua ondo egon zen, indarrak batzeko balio izan zigun eta oraingoan ere horretara goaz.
Urritik aurrerako programazioan, Bermeo izango da oinarria, baina eskualdeko ikuspegia ere izango duzue, ezta?
Bermeon pasatzen dena kontatuko dugu, baina eskualdeko ikuspegia ere izango dugu, baita hortik haragokoa ere. Geuretik hasi eta kanporantz begiratzen joango gara. Lehentasuna Bermeok izango du, baina saretzea garrantzitsua da, eta hortik kanpo agertzen diren edukiak gurean izateko aukera ere izango du.
Denetariko eduki horiek egiteko zein zabaltzeko saretzea bultzatuko duzue? Arrosa irratien sarean egongo zarete?
Saretzea garrantzitsua da eta Itsuki Irratiaren helburuak zein estrategiak aztertzen aritu garenean, zuzendaritza batzordeak hartu emanak izan ditu beste irrati zein sare ezberdinekin. Hala, Arrosa sarearen parte izango gara gu ere bai. Hartu eman horiei esker programazioa zabalagoa izango dugu, ze, adibidez, Bizkaia Irratiagaz eguneroko gaurkotasunezko gaiak ere eskaini ditzakegu. Bestetik, esaterako, Naiz Irratiari ere eskatu diogu euren podcast bat geurera ekartzeko. Beraz, saretzea oso garrantzitsua da.
2022an itxi zen Itsuki Irratia, eta duela urtebete sinatu zenuten irratia berreskuratzeko hitzarmena udalarekin. Ordutik, gelditu barik ibili zarete lanean, ezta?
Irrati bat ez da momentu batetik bestera jaiotzen, lan asko egin behar da. Hitzarmenaren albistea jakinarazi zenetik urte eta erdi inguru igaro dira dagoeneko, eta tarte horretan Bermeon zurrumurru asko egon dira, baina jendeak ez du jakin zein zen eta zein den egoera. Lokala oso egoera eskasean egon zen eta konpondu egin behar izan dugu; eta oraindik ere asko dago egiteko. Bestetik, lan administratiboak ere egin behar dira —denbora gehien horretan eman dugu—, edukiak pentsatu behar dira… Hemendik aurrera aurre egingo diegu orain arte zabaldu diren zurrumurruei.
Prozesu bat izan da egin behar izan duzuena. Baina, zein helburugaz zatozte?
Geure geurie dio gure leloak, eta horri jarraituz, geuretik lan egitea da gure helburua, geureari ahotsa ematea. Itsuki Irratia izango da %100 euskaraz eta %110 bermeotarra. Hori esaten dugu, eta hori islatu gura dugu. Horretarako, bermeotarrak behar ditugu, bermeotarrik barik edo parte hartzailerik barik ez delako egongo irratirik, nahiz eta guk programazio polita prestatu. Kolaboratzaileak bilatu eta sarea zabaldu nahi dugu, eta horretarako herritarrak behar dira, leku denetan modura. Eta, onartu behar da irratia eraikitzen aritu garen urte honetan jende asko hurbildu dela ideekin, baina guk konpromisoa eskatzen dugu. Guk nahi dugu irrati libre bat izan, gertukoa, askea eta oso zabala, zentzu guztietan. Norbaitek ideiaren bat izanez gero eta hori egin daitekeela pentsatuz gero, zabalik gaude hori entzuteko. Txosten bat daukagu prestatuta webgunean, galdera batzuekin, eta hori bete eta guri ekarri beharko digute, gero batzarretan ideia horiek biribiltzeko.
Herrigintzatik eraikitako proiektua izango da, beraz.
Bai, Bermeo islatzeko eta geuretik lan egiteko bermeotarren parte hartzea ezinbestekoa baita. Herrigintza eskatzen du irratia izateak, beste elkarte, beste asmo, beste euskarri batzuetan egiten den modura. Eta hori ez da bakarrik mikrofono aurrean jartzea eta nahikoa, lana eta ardura suposatuko ditu askotan.
Jendeak nola hartu du Itsuki Irratiaren buelta?
Hutsune bat beteko dugula esaten digute, izan ere, irratiak etxeetan, kotxeetan… daudenei zerbitzua ematen diete. Pozik hartu dute. Bermeon zein herritik kanpo jende asko dago, esaterako, jaietako txupinazoan egongo ez direnak, eta irratiak zein beste plataformek emango dute aukera hori ikusteko eta ahal den moduan bertan egoteko. Jende asko hurbildu zaigu eta denak oso eskertuta agertu dira, ze Itsuki beti egon da Bermeon. Urte mordo batez egon da funtzionamenduan, nahiz eta geldiune batzuk izan dituen, baina beharrezkoa da buelta.