Guggenheim Urdaibai proiektuaren kontra daudela adierazteko elkarretaratzea deitu dute Muruetan
Guggenheimik ez dutela nahi adierazteko elkarretaratzea deitu du herritar talde batek, zapatuan (irailak 6). Uste dute "garrantzitsua" dela Guggenheim proiektuari aurre egitea eta aldarrikapen hori ahalik eta esparru gehienetara zabaltzen jarraitzea.
Muruetan Guggenheimik ez dutela gura adierazteko elkarretaratzea deitu du herritar talde batek zapaturako (irailak 6); 17:00etan jarri dute ordua Goierriako autobus geltokian.
Uste dute “garrantzitsua” dela Guggenheim proiektuari aurre egitea eta aldarrikapen hori ahalik eta esparru gehienetara zabaltzen jarraitzea, “are gehiago”, Muruetan egonda: “Museoaren egoitzetako bat Muruetan egin gura dutela jakinda, uste dugu muruetar modura modu zuzen batean ekarpena egin behar dugula”. Euren asmoa argia da: proiektuaren kontrako borrokan euren ekarpena egitea eta erakustea Muruetan ere proiektuaren aurka daudela. “Hala ere, ez dugu egoitza herrian egotera mugatzen arazoa, proiektuaren kontra gaude bere osotasunean. Gure alea jarri gura dugu Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera geratzearen alde”.