Palestinaren aldeko aldarriak nagusitu dira Vueltan
Gernika-Palestinak "ekiteko garaia" dela esan, eta besteak beste, Bermeon mobilizazioa deitu du gaurko, Espainiako Vueltako hamaikagarren etaparako. Nestor Basterretxea ingurua Palestinaren aldeko aldarrikapenez bete da, halaber, baina eskualdeko errepide guztietan izan du Palestinak presentzia nabarmena.
Espainiako Vueltak Euskal Herrian izan du geltokia gaur; Bilbon hasi eta Bilbon bukatuko da, alegia, gaurko etapa, tartean eskualdeko zenbait tokitatik pasatuz. Gernika-Palestina herri ekimenak, Palestinaren aldeko beste talde askok egin bezala, Israel Premier Tech txirrindularitza taldearen kontrako ekintzak deitu ditu, talde hori probatik kanporatu dezaten. Eneko Gerrikabeitia eta Ibon Meñika herri plataformaren bozeramaileek atzo Bilbon argi adierazi zuten, Israel Premier Tech taldeak “bere burua Israelgo Estatuaren enbaxadore” gisa aurkezten duela. Horren aurrean, herri ekimenak gaineratu du “UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren erantzukizuna” dela “estatu genozida” baten parte hartzea ekiditea. Hala, ozen eta argi esan zuten, “ekiteko garaia” dela.
Hori kontuan izanik, Busturialdetik Palestinaren aldeko aldarria lau haizetara zabaltzeko deialdia egin du herri ekimenak, han eta hemen. Hala nola, Bermeon, Nestor Basterretxea aurrean izan dute hitzordua; izan ere, ikurrinak edota Palestinako banderak nagusitu dira mobilizazioan. Eskualdeko gainontzeko errepideetan ere ez dira Palestinaren aldeko aldarrikapen eta ikurrak falta izan, gainera. “Palestina askatu” izan dira, Vuelta Bermeotik igaro bitartean behin eta berriz errepikatu diren hitzak. Ze, eskualdeko herritarrek Gernika-Palestinarekin bat egin dute, eta nola ez, “Gazako egoera latza” salatu dute, beste behin. Israel egiten ari denari “genozidio” esateko bildu dira gaur; alegia, gertatzen ari denari “dagokion izenagaz” deitu behar zaiola esanez.
Esan dutenez, gaurko mobilizazioekin “ez da nahikoa”, ordea. Horregatik, barikurako, Euskal Herriko herrigune guztietan kazeroladak deitu dituzte. Protesta zaratatsu horien bitartez, Gernika-Palestina herri ekimenaren helburua, herritarren ordezkari diren udal instituzioei “Euskal Herriak Palestinako egoera dela-eta sentitzen duen ezinegona” erakustea da.