"Egun berezia" izan da Busturialdeko Dantzari Txikien Eguna
Eskualdeko 290 dantzari bildu ziren atzo (ekainak 8) Gautegiz Arteagak hartutako 37. Busturialdeko Dantzari Txikien Egunean. "Ohiturak mantentzen laguntzen duen eguna" delarik, "borobil" atera zela nabarmendu dute.

37. Busturialdeko Dantzari Txikien Eguna ospatu zuten atzo (ekainak 8), Gautegiz Arteagan. Horrela, eskualdeko 290 dantzari txikik izan zuten hitzordua, atzo. Zortzi dantza taldeko kideak elkartu zituen jaialdiak, beste urte batez: Itxas Alde (Bakio), Urdaibai (Forua), Alkartasuna (Bermeo), Elai Alai (Gernika-Lumo), Baso Txoritxu (Ibarruri), Lorea Dantza Taldea (Ibarrangelu), Irrintzi Alai (Busturia) eta Artie Dantza Taldea (Gautegiz Arteaga). Artie izan da, Irrintzi Alairen lekukoa hartu eta aurtengo ekitaldia antolatzeaz arduratu den taldea. “Egun borobila” pasa zutela nabarmendu dute Artie Dantza Taldetik, “balorazio oso positiboa” eginez: “Badaezpada A, B eta D planak ere izan ditugu aurreikusita, baina ez ditugu behar izan, A planaz gozatzeko aukera izan genuen. Oso ondo joan zen eguna; pentsatutakoa baino jende gehiago egon zen, gainera”.Ā
11:15etaneman zioten hasiera ekitaldiari, Montorre Eskolan, eta 11:45etan kalejirari ekin zioten parkerako ibilaldia eginez. Dantzari dantzako umeek eman zioten hasiera ekitaldi nagusiari, agintariena, ezpata txikia, binangoa eta txotxongiloa dantzatuz. Jarraian, agurra eta Bizkaiko zinta dantzaren txanda izan zen, eta, aurreko urteetan egin bezala, marmutx, txulalai eta zapatainegaz segitu zuten. Ziegoko dantza eta txantxo dantzagaz jarraitu zuten emanaldia. Makil txiki zaharra eta xoxo dantza egin eta gero, gorulari ere dantzatuko dute, Gaztelugatxeko martxagaz amaitzeko.
“Egun berezia”
Atzo bezalako egunak “ohiturak mantentzen laguntzen”Ā duela azalduz, horrelako ekitaldiak egiten jarraitzea “beharrezkoa” dela gaineratu dute, gainera, Artie Dantza Taldeko monitoreek. “Gero eta dantzari gutxiago daude. Lehen, dantzetara joaten ez zena arraroa zen; orain, ordea, kontrakoa pasatzen da. Beraz, atzo bezalako egunek, haurrek (dantzariek) urte guztian zehar egindakoa plazaratzeko tartea ematen dute, herriko taldetik haratago, eskualdeko beste hainbeste dantzari gaztegaz gozatuz”, azaldu dute. Orokorrean, “egun berezia” izan ohi da. Berezia bezain beharrezkoa.
Argazkiak: Txebi Arriaga.



































































































































































































































































































































































































