Bakea nola ulertzen den hausnartzea, horri buruz hitz egitea edo eztabaidatzea helburu nagusitzat izan duen jardunaldia ospatu da gaur (ekainak 4) Gernika-Lumoko Kultur Etxean, EuroBasqueren, Gernika Gogoratuzen eta Europe Direct Bizkaiaren eskutik.
Europar Batasuna: Bake-azterketaren ikuspegi bat jardunaldia jorratu dute gaur (ekainak 4), Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Jardunaldia Europako Mugimenduaren Euskal Kontseilu den EuroBasquek, Gernika Gogoratuz Bakearen Aldeko Aztertegiak eta Europe Direct Bizkaiak antolatu dute, elkarlanean. 11:00etan eman diote zabalera bakearen aldeko ekimenari, Gernika Gogoratuz-en zuzendari den Maria Oiangurenen eta EuroBasqueko idazkari nagusi den Igor Filibiren hitzekin. Hala ere, eguerdira arteko iraupena izan du, hainbat adituren hitzak entzuteko aukera eta eztaibarako tartea ere bere baitan hartuz.
“Europaren eta bakearen hausnarketa” gisa definitu du Oiangurenek jardunaldia. Esan du, gainera, EuroBasquek “duela urte bat” proposatu zuela bakea eta segurtasuna ardatz dituen jardunaldiak antolatzea, eta hori helburu nagusi izanik, jardunaldi ziklo bat aurkeztu dute: “Gai horiek lantzen dituen jardunaldien zikloa antolatu dugu, eta zikolo horren lehen geltokia gaur da”. Izan ere, “leku sinbolikoa” da Gernika-Lumo. Eta, era berean, horrelako jardunaldi bati hasiera emateko “leku ezin hobea”.
Gauzak horrela, Filibik zikloaren jarraipenaren inguruko xehetasunak eman ditu: “Hainbat ekimen hartuko dituen zikloa antolatu dugu elkarlanean. Horretan, gaurko jardunaldia izango da lehenengoa, bake-azterketaren ikuspegi baten inguruan hausnartuz. Udan, oro har, uztailak 3 eta 4 bitartean Donostian izango gara, Europar Batasunetik kanpoko adituen ahotsa entzuteko aukera emanez, eta beraien ikuspegia mahaigaineratzeko plaza emanez. Eta, oraindik zehaztuta ez izan, udazkenean beste jardunaldi bat aurreikusten dugu”. EuroBasquerentzat horrelako ekitaldietan parte hartzea “ohore bat” dela azaldu du, bestalde, Gernika-Lumo herriaren “bakearen aldeko konpromisoa” azpimarratuz.
Helburu argia
“Bakearen eta segurtasunaren alde eta ikuspegi guztiak” hartuko dituzten jardunaldiak hartuko dituzte zikloko hiru geltokiek. Horretan “Europar Batasunak duen roll-a” ere landuko dela aurreratu du Oiangurenek, halaber. Helburua, baina, argia izango da guztietan: Bakea nola ulertzen den hausnartzea, horri buruz hitz egitea edo eztabaidatzea, eta Europar Batasunak bakea eraikitzeko eta sustatzeko duen zeregina zein izan beharko litzateken plazaratzea. Jardunaldietan, gainera, hainbat adituren hitzak entzuteko aukera izango dela nabarmendu du.
Horren erakusle dira, gaurko jardunaldiko adituak. Jesús A. Núñez, Madrilgo Gatazkei eta Ekintza Humanitarioari buruzko Ikerketen Institutuko (IECAH) zuzendarikidea izan da Gernika-Lumon, alde batetik; bestetik, Carmen Magallón, Zaragozako SIP (Bakerako ikerketa-mintegia) Fundazioko presidentea; eta azkenik, Tica Font, Bakearen aldeko ikasketa zentroko lehendakaria. Alegia, hiru adituen hitzak entzun ondoren, kaferako etenaldia egin dute, eta azkenik, zikloko lehenengo jardunaldiari itxiera emateko eztabaidan murgildu dira kultu etxera bertaratutakoak.