Herritar Alternatibaren "distantzia eta leialtasun falta" salatu ditu EH Bilduk
Mundakako EH Bilduk, Herritar Alternatibak udal gobernua utzi ostean, "ilusioz eta umiltasunez" lanean segitzeko hautua berretsi du. Herritar Alternatibaren erabakia "sorpresaz" iritsi zitzaiela azalduta, azken osoko bilkuretan "oposizio jarrera erakusten zutela" salatu dute.
Herritar Alternatibak Mundakako Udaleko gobernu taldetik aterako zela iragarri eta egun bitara, talde hori osatzen duen beste alderdiak, EH Bilduk, udaletxeko bilkura aretoan agerraldi ofiziala egin du, udalak egun bizi duen egoera argitara eman eta beraien ikuspuntua plazaratzeko. Mundakako alkate Sorne Rubio Arano buru,EH Bilduren ordezkariek mundakarren alde beharrean jarraitzeko konpromisoa “berretsi” dute, beraien lehendabiziko jomuga “herria eta herritarrak” direla azpimarratuta.
Gobernu taldeak “beharrezkotzat” jotzen du “ilusioz eta umiltasunez” lanean jarraitzea: “Azken bi urteetan egindako lanaren emaitzak ikusten ari gara”. Emaitza horiek dira, alkatearen esanetan, aurrera eroan duten “alokairuzko etxebizitzen sustapen plana”, batetik, eta “etxebizitza turistiko gehiago ez egiteko udal luzamendua”, bestetik. Rubiok argitu du Herritar Alternatibak hartutako erabaki politikoak “ezin duela eten” udal gobernu taldeak lanean jarraitzea: “Horrexegatik pozten gaitu udala osatzen duten oposizioko gainontzeko talde biek, Herritar Alternatibak eta EAJk, mundakarren alde lanean segitzeko borondatea erakutsi izana”.
Sorne Rubio Arano: “Duela zenbait hilabetetatik, Herritar Alternatibaren jarrera aldaketa igarri du EH Bilduk. Azken osoko bilkuretatik oposizioaren jarrera erakusten zutela ikusi dugu”
Gaur-gaurkoz, EH Bilduk ez du inongo akordiorik lortu bi taldeokin: “Aurrerantzean ikusi ahalko dugu bakoitzak zelako borondate politikoa daukan. Mundaka herri bakarra da, denona, eta proiektu politiko pertsonalistak albo batera utzi behar dira”.
Herritar Alternatibak gobernua uztea “sorpresaz” hartu zutela azaldu dute koalizio abertzaleko kideek: “Osoko bilkura oso luzea izan zen, hamabi puntuko gai ordenagaz, eta haren ostean erabaki zuten gobernu akordioa apurtzea. EH Bilduk, duela zenbait hilabetetatik, beraien jarrera aldaketa igarri du. Hain zuzen ere, azken osoko bilkuretatik oposizioaren jarrera erakusten zutela ikusi dugu; distantzia eta leialtasun falta erakutsi dute. Geure aldetik, argitu gura dugu EH Bilduren partetik ez dela inongo blokeo egoerarik egon”.