Tokiko merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera bultzatuko du Kaishop! kanpainak
Euskaraldiarekin bat eginez, tokiko merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatuko du, beste behin, Kaishop!ek Gernika-Lumon. Sari handi bat banatuko dute.

Tokian tokiko merkataritza eta ostalaritza guneetan euskara sustatzea helburu duen Kaishop! Erosi euskaraz zure herrian. Euskara + Okm = Kalitatea kanpaina jarri du martxan Alkarbide Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak, lurraldeko hainbat udalerrirekin eta eskualderekin zein aldundiarekin elkarlanean; horien artean, dago, hain justu, Gernika-Lumoko Udala, eta kanpainagaz bat egingo du barikuan (maiatzak 2) hasi eta maiatzaren 22ra bitartean.
Kanpaina herri bakoitzeko ezaugarrietara egokituko da, eta bi gai nagusitan jarriko du arreta: batetik, euskarak tokian tokiko merkataritzan eta ostalaritzan duen garrantzia erakustea bilatuko du; eta, bestetik, tokian tokiko merkatari zein ostalariek ematen duten gertuko tratua balioan jarri nahi du, izan ere, kalitatezko produktuak gertu eskuratzeko aukera ematen dute, bezeroen beharretara “berehala” egokitzen den zerbitzu bati esker.
Bi gaiak uztartuz, kanpainaren hartzaile izango diren herritarrei gonbidapena luzatuko diete nork bere herrian eta euskaraz erosteko.
Izan ere, aurtengoan, Kaishop! kanpainaren kaleko saioek Euskaraldiarekin bat egingo dute, Euskaraldia maiatzaren 15etik 25era bitartean ospatuko baita. Hala, merkatariek eta ostalariek ahobizi eta belarriprest txapak ere kantziko dituzte, bi kanpainen arteko lotura elementu gisara.
“Sari handia”.
Aurten, gainera, merkatarien eta ostalarien parte hartzea areagotu gura izan du kanpainak, eta, horretarako, besteak beste, euren bezeroak zozeketetan parte hartzera gonbidatzeko aukera izango dute. Berrikuntza gisara, sari nagusi bat irabazteko aukera ere egongo da, ohiko sariez aparte.
Iazko modura, kanpainaren zabalkunderako, aktore batzuk kalea girotzen eta opariak banatzen arituko dira, maiatzaren 2an hasi eta 22ra bitartean herriz herri egingo dituzten saioetan.