Gaztetxe zaharra berreskuratu dute
Duela hamar urte baino gehiago zarratu zuten Gernika-Lumoko Gaztetxea. Egurre Gazte Asanbladak zapatuan Pasealekua egun osoko egitarauagaz bete ostean, Gaztetxe zaharra berreskuratu zuen. Auzolanean jardun dute geroztik, eta apiril osorako aurreikusitako egitaraua ere aurkeztu dute.

Gernika-Lumoko Egurre Gazte Asanbladak zapatuan (apirilak 12) Pasealekua hartu zuen, eskualdean identifikatu dituzten arazoen aurrean zeresana dutela adierazteko. Egun osoko egitaraua prestatu zuten horretarako. Egitarau hori amaitzean, gainera, Gernikako Gaztetxea berreskuratu zuten, gaua gaztetxean bertan igaroz.
Eraikin zaharra “orain dela hamar urte baino gehiago zarratu zela” gogoratu dute, eta bide batez, asanbladakideek salatu dute udalak hiru legegintzaldi daramatzala eraikin horretan liburutegi bat jarriko dela esanez, baina “promesa faltsuak” izan direla nabarmendu dute: “Espazioak urteak daramatza hutsik eta erabilera barik”.
Gazte asanbladakoen hitzetan, inposatu nahi duten eskualde ereduari “ezetz esateko bideari” egiten dio ekarpena gaztetxearen berreskurapen horrek, “herriko gazteen interesak bermatzea” helburutzat izanez. “Argi ikusten da ez direla garai onenak gure eskualdearentzat. Izan ere, instituzioek aurrera eramaten dituzten politikek ez dituzte gazte langileon interesak ordezkatzen”, gaineratu dute. Adibidetzat jarri dute, batik bat, Guggenheim Urdaibai proiektua, eta adierazi dute ez daukatela geldirik geratzeko asmorik.
Gernika-Lumon identifikatu dituzten hutsuneak betetzeko asmoz berreskuratu dute gaztetxe zaharra; besteak beste, “gazteak batzeko eta elkarrekin harremana izateko, antolakuntza politikoa sustatzeko, aisialdia eta egitasmo kulturalak antolatzeko eta kirola egiteko toki bat izateko asmoz”. Gainera, esan dutenez, liburutegi gisa ere erabili ahal izango da eraikina.
Hainbat deialdi. Auzolana iparrorratz dute Egurre Gazte Asanbladako kideek, beste behin. Hala, zapatu gauaz geroztik, zenbait deialdi zabaldu dituzte herritarren artean, “denen artean” berreskuratu berri den espazio hori aurrera eramateko. Gaur, adibidez, 10:00etan izan dute auzolanerako hitzordua, eta arratsaldean (17:00etan) asanblada egingo dute bertan.
Hortik haratago, apirila ere auzolanez eta saretzez josi dute dagoeneko, hilabeteko aurreikuspenak biltzen dituen egitaraua sare sozialen (@egurregazteasanbladie) bidez zabalduz. Mus eta briska txapelketak, magia ikuskizunak, Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren harirako proiekzioak, mural margoketak, kontzertuak, afariak eta abar luze batek osatuko dute egunez egun mantendu nahi duten auzolana.