Pablo Gonzalez "bakean uzteko" aldarria zabaldu du Gernika Memoriaren Lekuko plataformak
Pablo Gonzalezen aurkako zigor auzibidea bertan behera utzi du Poloniak. Horren aurrean, Gernika Memoriaren Lekuko plataformak Gonzalezen askatasuna aldarrikatu du, hau "bakean uztea" eskatuz.

Iragan astean jakinarazi zenez, Varsoviako Barrutiko Auzitegiak bertan behera utzi du Pablo Gonzalez kazetariaren aurka irekita zegoen zigor auzibidea, hango bozeramaile eta epaile Anna Ptaszekek Poloniako egunkari bati (Rzeczpospolita) egindako adierezpenen arabera. Epailearen ustez, erabaki hori hartu dute Gonzalez dagoeneko ez dagoelako Polonian, eta beraz, ezin dutelako jakin noiz aterako den Errusiatik.
Gernika Memoriaren Lekuko plataformak, horren harira, Gonzalez “bakean uzteko” aldarria zabaldu du. 2024ko abuztuan espetxetik atera zen arte, ia 900 egun igaro zituen gatibu; 2022ko otsailaz geroztik, alegia. Gernika-Lumoko plataformak azaldu duenez, gainera, “muturreko bizi-baldintzetan, isolamenduan, senideekin ingongo harreman barik eta akusazio zehatzik gabe” igaro zituen preso pasatako egunak.
“Espetxetik atera eta bi astera prozesu judiziala indarrean jarri zuen Poloniako epaitegiak. Orain ordea, aste hontan jakin dugunez, bertan behera utziko dute prozedula juduziala”, gaineratu du plataformak. Bide batez, “Gonzalezen askatasuna aldarrikatu” dute, eta hau bakean uzteko duten nahia ere argiki adierazi dute. Elkartasuna ere helarazi diote Gonzalezi eta senideei, Gernika Memoriaren Lekuko plataformaren hitzetan: “Beste herrialde baterko ezarpen judizialpean gatibu egotea muturreko egoera da, eta oinarrizko eskubideak urratu zaizkie Pablo Gonzalezi eta bere senideei denbora honetan guztian. Gaur ere ondoan gaituzue”.
“Kritika zorrotza”. Aditzera eman dutenez, halaber, kasua, prentsa askatasunaren “aurkako erasoa” izan da. Beraz, “prentsa askatasuna oinarrizko eskubidea izanik”, defendatu beharra dagoela nabarmendu dute. Azkenik, Europar Batasunaren aurkako “kritika zorrotzean” berretsi dira plataformako kideak, hurrengoa arrazoituz: “Utzikeriaz jokatu duelako bere partaidea den herrialde batek oinarrizko eskubideak etengabe urratu dituenean”.