Busturialdearen egungo egoeraz hausnartzeko hitzaldi zikloa antolatu du Kontseilu Sozialistak
'Nora daramate Busturialdea?' galdera oinarritzat hartuz, eskualdearen egungo egoera hizpide izango da Busturialdeko Kontseilu Sozialistak antolatutako hitzaldietan; martxoaren 14an, 22an eta 29an Gernika-Lumon izango dira hitzorduak, eta martxoaren 28an, Bermeon.
Busturialdeko Kontseilu Sozialistak hainbat hitzaldi antolatu ditu martxoan zehar, batik bat, Busturialdearen egoeraren inguruan hausnartzeko. Lau hitzaldi izango dira; hiru Gernika-Lumon, eta bat Bermeon. “Gure ustez, egin nahi dugun hausnarketa, instituzio eta politikariek inposatzen dituzten parametroetatik kanpo egin behar dugu”, gaineratu dute. Horretarako, nabarmendu dute “irabazi pribatuak erdigunean jarri ordez, langile klasearen interesen alde borrokatzea” dela irtenbidea.
“Nora daramate Busturialdea?” galdera izango dute ardatz hitzaldietan, alegia. Horregatik, martxoaren 14an (barikua) emango diote hasiera hitzaldien zikloari, Astran. Biodibertsitate krisia eta kontserbazio politikak oinarritzat hartuz, Urdaibai bidegurutzean hitzaldiari ekingo diote 18:30ean. Hurrengo biak ere Astran izango dira: martxoaren 22an (zapatua), 12:00etan izango dute hitzordua Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren eskutiko Etxebizitzaren negozioari ez. Zergatik mobilizatu? hitzaldiarekin. Bestea, martxoaren 29an (zapatua) izango da, 11:00etan. Honetan, Ahoztar Zelaieta egongo dela aurreratu dute, diru publikoa eta interes pribatuak ardatz izanik, EAJ eta Guggenheim Urdaibai hitzaldia gidatzen. Laugarren, eta azken hitzaldia, Bermeon izango da. Hain zuzen ere, 18:30ean Kultur Etxean jarri dute hitzordua martxoaren 28an (barikua), Bermeoko etxebizitzen egoeraren inguruan hausnartzko helburuz.
“Azken urteetan areagotzen ari dira Busturialdean negozio turistikoa indartzeko asmoak. Zentzu horretan kokatzen da Guggenheim Urdaibai proiektuaren inposaketa ere”, azaldu dute Busturialdeko Kontseilu Sozialistako kideek. Horrekiko, oro har, hainbat galdera plazaratu dituzte: “Prozesu honek, aberastasuna ekarriko du? Norentzat? Nortzuk izango dira kaltetuak? Ze inpaktu ekologiko izango du?”. Halaber, herritarrak aipatutako hitzaldietara hurbiltzeko deia ere zabaldu nahi izan dute.