TAE Gernikakoak sentsazio onekin bueltatu dira Warrior Open nazioarteko lehiaketatik
TAE Gernikako taekwondistak pozik bueltatu dira Londresen lehiatutako Warrior Open nazioarteko txapelketan parte hartu eta gero. 18 domina eskuratu dituzte.

Londresen lehiatutako The Warrior Open 2025 txapelketan parte hartu dute TAE Gernikako 15 taekwondistek, 18 dominatan islatzen diren emaitza bikainak eskuratuz: lau urrezko domina, zazpi urrezurizko eta zazpi brontzezko lortu dituzte. 12 herrialderen artean osatutako domina zerrenda orokorrean bosgarren gelditu dira, eta parte hartu duten 31 kluben artean seigarrenak izan dira.
Nazioarteko lehia horretan parte hartzeak eta bertan lortutako emaitzek “beste maila” batean jarri dute kluba, harro egoteko modukoan. Dani Urbez taldeko entrenatzailearen arabera, lehiaketa “gogorra” izan zen, “maila benetan handikoa”. Urbezek dioenez, dominak lortzeko gogor borrokatu behar izan dute: “Domina lortzeko hiruzpalau txanda gainditu behar izan dituzte. Erronka zailak izan dira benetan”.

TAE Gernikako kideak Londresko txapelketan.TAE Gernika
Junior eta junior aurreko mailetakoak nabarmendu ziren Urbezen arabera, eta txikienak ere bikain aritu ziren, horietako batzuek 5 edo 6 erronda egin behar izan baitzituzten: “Neke-neke eginda amaitu dute”.
Hala ere, elkarren arteko laguntza eta taldearen indarra izan direla nabarmendu diren balioak dio entrenatzaileak, bai lehiaketa hasi aurretik, bai gero. “Pozarren bueltatzen gara”.
TAE Gernika herri mailako taekwondo eskola da, duela lau urte sortutakoa, eta ibilbide honetan, asko izan dira eskolara bertaratu diren eskualdeko gazteak. Hala, Londreseko txapelketan lehiatu ostean, dagoenerako hurrengo lehiari eusteko prest dago.