Ortube: Bermeoko ondarea zainduz
Ortube Ontziaren Lagunak Elkarteak Ortube ontziaren berreskuratze-lanak islatzen dituen dokumentala aurkeztu zuen iragan barikuan (martxoak 7), urtez-urteko lanari balioa emateko, eta batez ere, herriko ondarea zaintzeko asmoz.

Herriko ondarea gordetzearen garrantzia nabarmenduz hasi zuten asteburua bermeotarrek. Izan ere, iragan barikuan (martxoak 7) Ortube dokumentala aurkeztu zuten Ortube Ontziaren Lagunak Elkartea osatzen dutenek, Nestor Basterretxea aretoan. 1979an Bermeoko 3. zerrendako 2745 folioan erregistratutako baxurako arrantza-ontzia da Ortube, alegia. Euskal Herrian egurrez eraikitako ontzi tradizionaletako bat da, eta horrela azaldu zuten barikuan, herritarren aurrean. Dokumentalaz gain, ontziaren antzinako egoera eta berreskuratze-lanak erakusten dituen argazkiz jositako erakusketa ere prestatu zuten, Nestor Basterretxean bertan.
“2003ko irailaren 5ean, Bermeoko Udalak ontzia erosi zuen”, gaineratu dute dokumentalaren sortzaileek. Hala, Bermeoko udal ordezkariak ere bertaratu ziren Nestor Basterretxea aretora, eta Nadia Nemeh Shomaly alkatea “proiektuagaz maiteminduta” agertu zen bitartean, gerturatutako herritarrei eskerrak eman zizkien.
Ontzia hainbat urtez gutxi erabili izan da, esan dutenez; Izaro eta Elantxobera Madalenetako ohiko txangoa egiteko baino ez zen erabiltzen. Ondoren, Ortube Ontziaren Lagunak Elkartearen hitzetan, “erdi-abandonuko fase bat igaro ostean, 2016ko uztailean, hondoratzeko arriskua zegoenez, Udalak lehorrean jarri zuen ontzia”. Orduantxe izan zen, gaur egungo elkarteko pertsona talde batek “ontzia berreskuratzeko erronka” hartu zuela bere gain. Proiektu horretan jarraitzen da gaur egun, eta besteak beste, hori ikusten da dokumentalean.
20 minutu inguruko iraupenean, berreskuratze-lanak nola egin dituzten, ontziaren antzinako eta egungo irudiak, bere sasoiko arrantzaleen bizimodua nolakoa zen edota hurbilekoen testigantzak azaltzen dira, batik bat. Dokumental hau sortzearen helburua argi azaldu dute, gainera, elkartekideek: “Bermeorentzat berebiziko garrantzia duen ontzia da Ortube, zeinen atzean hainbat istorio dauden. Urte asko daramatzagu berau berreskuratzeko lanetan murgilduta; 2016az geroztik egindako lan guztiari balioa emateko modu bat da dokumentala, eta era berean, honelako istorioak ezaguztera emateko”.
Aurten, uretara.
Lanak aurrera jarraitzen duten arren, urte amaierara aldera “ontzia uretaratuko” dela aurreikusten du elkarteak, “nahiz eta oraindik, uretan dagoenean azken lanak egin behar izango zaizkion”. “Ontziaren %90 amaituta dago jada. Barrutik, gainera, kanpotik ikusten dena baino askoz ere prestatuago eta bukatuago dago”, azaldu dute Ortube Ontziaren Lagun Elkartetik. Horrela, ontzia itsasoratzen denean, “antzina izandakoaren ahalik eta antzekoena izatea” dute jomuga berreskuratze-lanokin. Hala ere, argi utzi dute, ez dela “inondik inora ere” arrantza-ontzi bat izango: “Hainbat erabilera ditugu pentsatuta Ortuberentzat, baina ez da arrantza-ontzi bat izango. Gure lehen nahia ontziak nabigatu ahal izatea da, ez soilik flotatzea”.
Gauzak horrela, astero bisita gidatuak egiten dituztela gogoratu dute, Bermeoko ondare historikoa den ontziaren “egoera sakonago ezagutzeko”. Horrekin mantentzeko asmoa dutela ere nabarmendu dute, behin ontzia itsasoratzen denean, herriarentzat hain garrantzitsua den hori herritarrek hurbil sentitzeko.