Atzera urrats bat ere ez egiteko konbikzioz
Emakumearen Egunean, herritarrek eskualdearen luze-zabalea haizeratu dituzte beraien aldarriak, mezu argi eta garbiagaz: oldarraldi faxista eta heteropatriarkalari aurre egitea.

Kolore moreak ageri dira Busturialdeko kale, bazter eta txokoetan. Martxoaren 8z, Emakumearen Egunez, eskualdeko herritarrak faxismoaren gorakadari eta sistema heteropatriarkalaren hauspotzeari aurpegi erakusteko prest daudela frogatu dute beste behin. Elkarretaratzeak nahiz manifestazioak egin dituzte eskualdeko herri nagusienetan, baina bestelako ekintzak ere egon dira han-hemen.
Gernika-Lumon, herrigunea zeharkatu du suge moreak. Emakumeen kontrako gerra sistematikoa hizpide, “lesbianak, bollerak, etxeko langileak, migranteak, arrazializatuak edo pentsionistak” era gogoratu dituzte, eta egungo elite politikorik atzerakoienak feminismoa beren “jomugan” ipini izana “ez dela kasualitatea” nabarmendu dute. Era berean, faxismoaren aurka borrokan dabiltzan mundu osoko herritarrak omentzea bilatu dute martxoaren 8an, betiere azpimarratuta faxismoa “ez dagoela gugandik urruti”: “Hego Euskal Herrian hamarkadak daramatzagu frankismoaren aztarnak pairatzen, eta oraindik ere baditugu Desokupa moduko eskuin muturreko taldeak”.

Bermeoko elkarretaratzea.
Lotsa “bandoz aldatzen” ari da. Gogoan eduki dute Gernika-Lumoko Sare Feministak “izena ipini ziola Mario Lopez entrenatzaile bortxatzaileari”. Alde horretatik, gernika-lumotar herritarrek edukitako jarrera txalotu dute; ez, ostera, Lointek Gernika Bizkaiarena edota udalarena. Gaineratu dute oraindik ez dela abiatu sexu erasoak prebenitzeko mahaia”. Zaintza ere erdigunera ekarrita, gai horrek ezkutatzen duen “negozioa azaleratzen” ari dira: “Gobernatzaileek eremu pribatura bideratzen gaituzte, horrek dituen ondorio guztiekin. Horretan ere, udal gobernua uzkur eta iheskor dabil, Zaintza Mahaia paralizatzeraino”.

Ajangiztar herritarrak, M8an.
Guggenheim Urdaibai makroproiektua ere aipatu dute, “jauntxo batzuen” onurarako dela esanez: “Herritarroi, aldiz, lan prekaritatea, kalte ekologikoa, prezioen gorakada edota gateentzako etorkizun eza ezartzen dizkigute”. Bakarka ezin denez, taldelana indarlana denez, atzerapauso “bat ere ez” egiteko jhautua hartu dute: “Ez diogu mobilizatzari utziko; herritarren bizitzak eta ongizatea iparrorratz izatea exijitzen segituko dugu”.

Arteagarrak, M8an elkartuta.
Askatasun doinuak.
Goiko plazan bildurik, Bermeoko Sare Feministak deitutako eta udalak babestutako elkarretaratzeak asko eduki du aldarri musikaletik: Adar eta txalaparta hotsez ekin dute, irrintziz jarraitu, eta gorputz dantza betean amaitu. Azpimarratu dute Bermeon oraindik ere “zerbitzu ugari” falta direla: “Haur eta helduentzako Terapiagunea, adibidez”. Zerbitzu eta baliabide publikoen indartze behar horretan, aintzatetsi dute “psikologoak, psikiatrak, geriatria zein pediatria zerbitzuak, fisioterapeutak, terapia okupazionala, logopedia, nutrizionistak eta abar luze bat” falta direla. Halaber zaintza lanetan dauden emakumeen egoera, etxebizitza duinik gabekoena edota arrazializatuena ere salatu dute bertaratutakoen pankartek.
Indarkeria matxistaren ertzak, biolentzia fisikoaz gain, denetarikoak dira, eta horiek ere gogoratu dituzte: “Soldata aldea, pentsio baxuak edo ordaindu gabeko lanak”. Migrazio politikei helduta, sistema “koloniala” mantentzen duten politikak sakatu dituzte: “Migratzaileen ahotsek espazioagatik borroka egin behar dugu, eta migratzaileek denbora publikoa hartzeko aukera eduki behar dute”. Krisialdi sozial nahiz ekologikoaren aurrean, “denon bizitzak erdigunera ekartzea” berebizikoa dela esan dute. Amaitzeko, herritarrei 18:00retan Bilboko Jesuen Bihotzetik hasiko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diete.

Narrazio Laburrek Lehiaketaren sariketa.Bermeoko Udala
Bestalde, barikuan [martxoak 7] dendariak omendu zituen Erroxape Emakumeen Elkarteak, “emakume asko direlako dendari lanetan dabiltzanak”. Horrez gain, 25. Narrazio Laburren Lehiaketaren sari banaketa egin zuten. Aurten, euskarazko nahiz gaztelaniazko 27 lan aukeztu dituzte: euskarazko lehen saria Imanol Markaidak jaso zuen, Ama lanagatik; gaztelaniazko lehenengo, Jose Quesadak, Una mortaja para Elvira izenekoagatik.

























































































































